Maiatzera bitarte zazpi ikuskizun izango dira Zumaian

Maria Maya Manterola 2022ko mar. 10a, 11:30

Kultura Sailak zazpi ikuskizun iragarri ditu. Lehenengoa bihar izango da; Garcia Lorcaren 'La casa de Bernarda Alba' obran oinarritutako antzezlana eskainiko dute Aita Marin.

Askotariko ikuskizunak antolatu ditu Udaleko Kultura Sailak datozen hilabeteetarako. Iragarri dute arte eszenikoei lotutako zazpi emanaldi izango direla, gutxienez, maiatzera bitartean.

Bihar, ostirala, izango da lehen saioa, Adela eta Martirio Bernarda Albaren Etxean helduentzako sorkuntza kolektiboko antzerki-proiektuarekin. Maitasunari eta askatasun faltari aurre egiteko bi modu erakutsiko ditu. Martiriok, familia osoaren aurrean salatu eta gaitzetsi egiten du Adela ahizpa txikiaren ausardia, García Lorcaren La casa de Bernarda Alba obran. Aita Mariko zine aretoan izango da, 20:00etan.

Datorren astean, martxoaren 17an, bertso emanaldi berezia izango da Alondegiko Oxford aretoan. Uxue Alberdi idazlearen Dendaostekoak eleberrian oinarritutako saioa eskainiko dute Alberdik berak, Alaia Martinek eta Ane Labakak, Aitor Novaren musikak lagunduta. Saioa 19:00etan hasiko da, eta ez da aurrez sarrerarik eskuratu beharko; aretoa bete bitartean izango dira ateak zabalik. 

Zuhaitz Gurrutxagaren eta Iker Galartzaren Lehendakari gaia komedia ere ikusi ahal izango da Zumaian, Txalo konpainiaren eskutik. Lehendakari hautatu berria inbestidura-ekitaldirako hitzaldia prestatzen hasiko da; azken orduan, ordea, arazo larri bat sortuko zaio. Bakoitzak ezkutatzeko duen horren inguruan hausnartzera eramango ditu orduan aktoreak eta ikusleak. Apirilaren 1ean izango da emanaldia. 

Porrot egindako grinez eta gaztaroaz gogoeta egitera gonbidatuko du, bestalde, Kopaz kopa Ados konpainiaren lanak maiatzaren 13an. Miguelek eta Andresek, bizitza osoko lagunek, kopaz kopa daramatzate euren segurtasun gabeziak arrastaka, bizirik sentiarazi eta askastasunari ihes egiteko aukera emango dien zerbaiti heldu nahian.

Haurrentzako ere bai

Haurrek ere izango dute arte eszenikoez gozatzeko aukera. Markeliñe konpainiak Ganbara emanaldia taularatuko du hilaren 20an. Antzezlanak baserri mundu baten oroitzapenak berreskuratu nahi ditu antzerkiaren ikuspegitik. Emakumeak baserriko ezinbesteko zutabe gisa duen balioa nabarmentzeko eta ohoratzeko ahalegina ere bada. 

Apirilaren 10ean, berriz, Marie de Jongh konpainiak Ikimilikiliklik eskainiko du. Umetan hamaika arrazoirengatik beldurtzen zen Ekhik bere istorioa kontatuko dute taula gainean: beldur ugari gainditzen joan zen emakume edadetua sorgin bihurtu da. 

Tarzan eskainiko dute, bestalde, Mar mar Teatroako lagunek maiatzaren 15ean. Ehiza-egun berri bat hasiko da Afrikako oihanean. Orroek, oihuek eta aldarriek betetzen dute atmosfera. Oihana ikaratu egiten da haur baten negarraren aurrean. Tximino handiak, jakin-minez, haurrarengana hurbilduko dira. Haurrei zuzenduriko emanaldi guztiak Aita Mariko zine aretoan izango dira, 12:00etan hasita. 

Sarrerak, Turismo Bulegoan

Ikuskizun guztietarako sarrerak Turismo Bulegoan izango dira eskuragai. Sarrerak 8 euroren truke eros daitezke, 6 euroren truke Gazte Txartelarekin; haurren kasuan, 4 euroren prezioan.

Aita Marin izango dira guztiak ere, Dendaostekoak da salbuespen bakarra: Oxford aretoan izango da, doan, eta aretoa bete artean izango dira ateak zabalik. 

Programazioa

Martxoak 11, ostirala
20:00.
Adela eta Martirio Bernarda Albaren Etxean. Aita Marin.

Martxoak 17, ostirala
19:00. 
Dendaostekoak. Oxford aretoan. 

Martxoak 20, igandea
12:00. 
Ganbara. Aita Marin.

Apirilak 1, ostirala
20:00.
Lehendakari gaia. Aita Marin. 

Apirilak 10, igandea
12:00. Ikimilikiliklik. Aita Marin. 

Maiatzak 13, ostirala
20:00.
Kopaz kopa. Aita Marin.

Maiatzak 15, igandea
12:00. Tarzan. Aita Marin.