Substantzien kontsumoa hizketagai, Guraso Eskolaren hurrengo saioan

Maria Maya Manterola 2022ko mar. 10a, 10:15

Estibaliz Ansotegik 6 eta 18 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako hizketaldia eskainiko du hilaren 22an. 

Martxoaren 1ean emozioak landu eta gero, substantzien kontsumoaren inguruan arituko dira Guraso Eskolaren barruan antolatutako hurrengo saioan. Estibaliz Ansotegi psikologoak eskainiko du hizketaldia, hilaren 22an, 18:00etan Alondegiko Oxford aretoan. Saioa gazteleraz izango da. 

Izena eman nahi dutenek mezua bidali behar dute brankaharrera@zumaia.eus helbidera, edo 943-86 22 00 telefono zenbakira deitu. Hilaren 18a izango da izena emateko azken eguna. 

Garapenaz, apirilan

Apirilaren 26an, berriz, haur eta nerabeen ongizaterako garapen osasuntsu baterako gakoak azalduko ditu Donna Apelanizek. Hitzaldi hori 12 eta 18 urte arteko gurasoei zuzendu diete. 

Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Hezkuntza eta Gazteria sailek elkarlanean antolatutako programa da Guraso Eskola, gurasoak heziketa prozesuan inplikatzeko eta horretarako bidelaguntza eskaintzeko helburuarekin. Hiru talde desberdinetan banatuta, adin-tarte bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako formakuntza jasotzeko aukera izango dute Zumaiako gurasoek.