2022ko martxoaren 8a

Aratz Rodriguezek irabazi du zumaiar ugarik parte hartu duten 32. Lilatoia

Julene Frantzesena 2022ko mar. 6a, 12:42
Lilatoian parte hartu duten hainbat zumaiar.

Zumaiako bizilagunak 16 minutu eta 58 segundo behar izan ditu bost kilometroko ibilbidea egiteko eta Boulevardean kokatutako helmugara iristeko. Orotara, 5.000 emakume inguruk parte hartu dute Donostian egin den proban, tartean hainbat zumaiarrek.

Gaur, martxoaren 6a, egin dute Lilatoiaren 32. edizioa Donostian, eta ehunka lasterkariren artean, Aratz Rodriguez Zumaiako bizilaguna nagusitu da. Hark 16 minutu eta 58 segundo behar izan ditu bost kilometroko ibilbidea egiteko eta Boulevardean kokatutako helmugara iristeko.

Atletico San Sebastian klubak antolatzen du emakumeei zuzendutako proba urtez urte, baina iaz, pandemia tarteko, ezin izan zuten ohiko moduan egin. Urtebeteko etenaren ostean, normaltasunez egin ahal izan dute lasterketa gaur.

5.000 emakume inguruk parte hartu dute aldarrikapena presente izan den proban, tartean hainbat zumaiarrek. Horietako askok argazkia atera dute probaren aurretik Donostiako udaletxearen aurrean.