"Batez ere jendea entzun behar duzu idatzi ahal izateko"

Juan Luis Romatet 2022ko ots. 24a, 08:42

EHUk antolatzen duen zientzia fikziozko Alberto Magno literatur lehiaketa irabazi du Angel Gallok Azkarbideak idatziarekin.

Alberto Magno literatur lehiaketa irabazi duzu. Zer lehiaketa da hori?

EHUk antolatzen duen lehiaketa bat da, 33 urtez jarraian antolatutakoa. Hasieran zerbait txikia zen, unibertsitateko jendearentzako, baina denborarekin hazten joan da. Esango nuke estatu mailan zientzia fikzioaren arloko lehiaketarik ospetsuenetakoa dela. Fama handia du mundu horretan sartuta daudenen artean, baina egia da hortik kanpora ez duela hainbesteko oihartzunik.

Zientzia fikziozko idazlanen lehiaketa da. Ez dirudi hemen, Euskal Herrian, asko landu den generoa denik.

Euskal Herrian zer genero lantzen ditugu? Gaur egun ari da pixkanaka zabaltzen. Zientzia fikziozko generoa oso hedatuta dago; asko irakurtzen da, baina sorkuntza aldetik ez da asko jorratzen. B serieko zerbait izango balitz bezala da. Zientzia fikzioa aipatzen duzu, eta badirudi Star Warsez ari zarela.

Zientzia fikzioaren mundua oso zabala da. Zuk zer kontatu duzu?

Oinarria, izatez, gaur egun bizi dugun egoera bitxi bat da. Planeta faktoria handi bat izango balitz bezala erabiltzen dugu: kotoia Estatu Batuetan hartu eta Txinara eramaten dugu lantzeko; Europatik Indiara eramandako plastikoekin kamisetak egiten dituzte Bangladeshen. Ikusita badaudela beste planeta batzuk, agian etorkizun batean ez dugu gauza bera egingo unibertsoarekin. Hortik abiatu nuen narrazioa, errealitatearekin paralelotasun bat osatuz: ezagututako planeta bakoitzak bere funtzioa izango du, eta horrek bertan bizi direnen eskaerak moldatuko ditu. Planeta batetik bestera joateko azkarbideak deitutako bide batzuk daude, zulo batzuk; ez dakigu ondo nola funtzionatzen duten, baina erabiltzen ditugu. Baina zerbaitek huts egingo du, eta hor gatazka bat sortuko da.

Ingeniaritza irakaslea zara Mondragon Unibertsitatean. Zure lanbideak lagundu al dizu istorio hau idazterako orduan?

Zientzia fikzioa izanda, beti eduki behar du parte tekniko edo zientifiko bat, eta ezagutza hori badudanez, beti saiatzen naiz nire lanetan hori sartzen. Zientzia fikzioa beti lotzen dugu gertatu ez diren gauzekin; errealak ez diren gauzak sartu behar dira. Baina saiatzen gara, nolabait, horiek gaur egungo aurrerapen teknologikoekin lotzen. Batetik, hori. Bestetik, guk unibertsitatean lan egiten dugu 17 eta 21 urte arteko gazteekin. Beraiekin harremanetan gaude egun guztian, eta badakigu zer gustatzen zaien eta zer ez, zer irakurtzen duten eta zer ez. Haiengandik gertu egote horrek laguntzen dit hizkuntza eta erritmo motak definitzen. Bakoitzaren burbuilatik aterata, jendearekin interakzionatzeak ekartzen ditu halako abantailak. Esaten da idazteko irakurri egin behar dela, eta ados nago horrekin. Baina, batez ere, jendea entzun egin behar da. Unibertsitateko lan horrek laguntzen du horretan.

Ez zara aurreneko aldiz aurkeztu lehiaketa horretara. Emaitza onak lortu al dituzu besteetan ere?

Aurreko urte batzuetan ere aurkeztu izan naiz lehiaketa horretara, eta iaz bigarren geratu nintzen. Uste nuen hori izan zela nire topea. Mundu osoko 149 idazlan aurkeztu ziren; euskarazko lan batekin aurkeztu nintzen ni –kategoria bakarra dago– eta emaitza horrekin oso gustura nengoen; halako lehiaketa handi batean bigarren izatea izugarria iruditzen zitzaidan. Lehiaketa horretatik kanpora, ordea, genero guztietan idazten dut. Ez nago itxita beste genero batzuetara.

Julene Azpeitia lehiaketan ere sariak eskuratu izan dituzu.

Behin bigarren geratu nintzen lehiaketa horretan, bai, oraindik Zumaian bizi ez nintzenean; Zarautzen bizi nintzen garai hartan. Oso pozik nengoen. Orain, herrikoa izanik, pare bat aldiz lortu dut zumaiar onenaren saria. Julene Azpeitia oso ondo dago; idazlan laburrak egin behar dira, eta badakit maila oso ona dagoela. Urtero saiatzen naiz zerbait desberdina idazten. Askotan idazten dudana ez da lehiaketa batean baloratuko den zerbait, baina saiatzen naiz gauza ezberdinak egiten, bestela ni neu aspertzen naiz.

Nondik datorkizu idazteko grina hori?

Ondo pasatzen dut idazten; gustatzen zait gauzak kontatzea, gauza txikiak lortzea. Horregatik jorratzen ditut estilo desberdinak. Honetaz bizi nahiko banu, edo esparru horretan aditua izan nahiko banu, gai txikitxo bat hartuko nuke, eta behin eta berriro landuko nuke. Baina niri ondo pasatzea gustatzen zait, eta zerbait idaztea estiloa, ideia edo sentimendua transmititzeko. Bizikleta zalea naiz, eta askok esaten didate ea zergatik igotzen naizen mendi batera berriro jaitsi behar badut. Horrekin ez dut ezer irabazten, ondo sentitzen naiz; bada, idaztearekin ere hala gertatzen zait. Egia da, noizean behin, barruan duzun ideia bat islatzen duzula; izan daiteke beldur bat, poztasun bat, izan daiteke dena delakoa. Baina ez da beti hori.

Egindako idazlan horiek argitaratzen al dituzu ondoren?

Niretzako afizio bat da, eta bigarren parte hori, argitaletxeekin harremanetan jartzea eta, ez zait batere gustatzen. Pare bat saiakera egin ditut, baina hortxe geratu dira. Hasieran, autoedizioaren munduan sartu nintzen. Izan ere, liburu bat idatzi nuen Peruko mutil batentzako dirua lortzeko, eta orduan bai, saiatu nintzen, eta liburu denak saldu ziren. Dirua bidali genion familiari, eta horrekin oso pozik geratu nintzen. Idatzi batzuk ere eginda dauzkat eta karpeta batean gordeta ditut. Neure buruari esaten diot egunen batean atera behar ditudala, eta badakit, gainera, nola atera nahi ditudan. Baina, zer nahi dut? Sortu, edo dagoenari forma eman?... Nahiago izaten dut idatzi.