2022ko martxoaren 8a

Lilatoiaren bueltan hainbat ekintza antolatu ditu Emakumeon* Etxeak

Aitziber Arzallus 2022ko ots. 20a, 14:44

Lilatoiaren egunerako, Donostiatik joan-etorria egiteko autobusa eta bazkaria antolatu dituzte; eta aurreko egunetarako, entrenamendu saio jendetsu bat eta hitzaldi bat. Gogoratu gaur dela Lilatoian izena emateko azken eguna.

Martxoaren 6an izango da berdintasunaren aldeko aurtengo Donostiako Lilatoia, eta horren bueltan hainbat ekintza antolatu ditu Emakumeon* Etxeak. Batetik, probaren egunerako, Donostiatik joan-etorria egiteko autobusa eta bazkaria. Autobusa 09:30ean abiatuko da zinemaren paretik; eta bazkarirako hitzordua, berriz, 14:30ean Emakumeon* Etxean jarri dute. Autobuserako txartelak bost euro balioko ditu, eta bazkarirako txartelak, hamar. Asteartean jarriko dituzte salgai Emakumeon* Etxean bertan.

Egunean bertan ez ezik, Lilatoiaren aurretik ere antolatu dituzte emakumea eta kirola ardatz dituzten ekintzak. Martxoaren 1ean, Gorputzaren jabekuntza kirolaren bitartez izenburua duen hitzaldia eskainiko du Ainhoa Azurmendik Emakumeon* Etxean, 18:00etan hasita. Martxoaren 4an, berriz, "berdintasunaren aldeko aldarriak herriko kaleak ere har ditzan", entrenamendu jendetsua egingo dute, 18:00etan Emakumeon* Etxetik abiatuta. Egun hori bera baliatuko dute dortsalak eta kamisetak banatzeko Emakumeon* Etxearen izenean parte hartuko duten korrikalarien artean.

Horri lotuta, Lilatoian Emakumeon* Etxearen izenean parte hartzeko jarraitu beharreko pausuak zein diren gogorarazi dute. Gaur da Lilatoian izena emateko azken eguna.

  1. Lilaton.es webgunean izena eman.
  2. Kamiseta eta dortsala Donostiako Casa de la Mujer-en jaso nahi dela zehaztu, baina benetan Zumaiako Emakumeon* Etxean jasoko da.
  3. Inprimaki digital hau bete Emakumeon* Etxeari jakinarazteko.
  4. Inskripzioaren egiaztagiria e-mailez helbidera bidali.