Larunbateko krosak aldaketak eragingo ditu herriko trafikoan arratsalde partean

Juan Luis Romatet 2022ko ots. 16a, 16:48

Zumaiako 37. Herri Krosa jokatuko da larunbat arratsaldean. Horrek eragina izango du herritik igarotzen den trafikoan. Izen-ematea ostegun gauerdian itxiko da.

Kirol jarduerak Zumaia hartuko du larunbat arratsaldean, 37. Herri Krosarekin. 15:45ean hasiko dira haur eta gaztetxoen probak, eta 17:00etatik aurrera proba nagusiak jokatuko dira, 5,1 eta 10,2 kilometroko distantziatan. Horrez gain, ipar martxa modalitateko proba egingo da. Azken honek 5,1 kilometroko luzera izango du.

Ohi bezala, lasterketa hauek herriko trafikoan eragina izango dute. Batetik, 15:30etik aurrera Amaiako plaza inguruko eta Julio Beobide ibiltokiko bideetan txandakako trafikoa ezarriko da. Udalak aurreratu duenez, eragin handiena 17:00etatik aurrera izango da, lasterketa nagusia hasten denean. Bestetik, 17:00etatik 18:00etara bitartean Axular ibiltokia itxita egongo da autoentzako.

Lasterketak irauten duen denbora horretan ibilgailuak beharrezko eginkizunetarako soilik erabiltzea eskatzen du udalak.

Izen-ematea bihar itxiko da

Proba nagusietan izena emateko epea bihar (osteguna) gauerdian itxiko da, kronoak.com webgunean. Arautegiak eta izen-emateak ere webgune horretan aurki daitezke. Haurren kasuan, zintzilik eramango duten txartela ikastetxeetan jaso eta bete beharko dute aurretik.