Festetan salmenta postuak jartzeko baimena eska daiteke bihartik aurrera

Maria Maya Manterola 2022ko ots. 13a, 09:00

Prozedura martxan jarri dute epeak direla medio, baina momentuko osasun egoerak horretarako aukera ematen badu jarriko dira postuak. Bihartik martxoaren 4ra bitarte egin daiteke eskaera.

San Telmo eta San Pedro festetan Gernika parkean salmenta postuak jartzeko deialdia zabalduko du udalak bihar, astelehena. Eskaera egiteko baldintzen berri ere eman dute: eskatzaile bakoitzari postu bakarra jartzea baimenduko diote, eta, gehienez ere, hamabost postu baimenduko dituzte. Baimena eskuratzen dutenek bi jaietan jarri ahal izango dituzte postuak, dena den. 

Udalak jakinarazi du prozesuaren epeen baldintzak direla medio jarri dutela martxan deialdia, baina momentuko osasun egoerak horretarako aukera ematen badu jarriko direla postuak. 

Interesdunek eskaera orria beteta aurkeztu beharko dute udaletxean edo online. Martxoaren 4a bitarte izango dute horretarako aukera, eta gero, 11tik 14ra, baimendutakoen zerrenda argitaratko du udalak. Ondorengo egunetan, martxoaren 31ra arte, izango dute baimenduek baldintzak betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa eta ordainagiria aurkezteko epea.