Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du pentsiodunen taldeak

Juan Luis Romatet 2022ko ots. 7a, 14:23

Argazkia: Jabier Lazkano

Asteleheneroko legez, pentsiodunen talde bat Saregileen plazan elkarretaratu da gaur eguerdian. Eguraldi kaskarrari aurre eginez, bertan bildu diren 50 bat lagunek pentsio publiko, zaintza eta osasungintza duinen aldarria eraman dute beste behin ere kalera. 

Otsailaren 12an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia ere egin dute gaurko kontzentrazio honetan. Estatu mailako pentsiodunen elkarteek deitu dituzte mobilizazio hauek hainbat hiritan, eta Euskal Herrikoak ere bat egin du deialdiarekin. Hala, Moyua plazatik abiatuko da manifestazioa, larunbatean, eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Bestalde, ELA eta LAB sindikatuetatik, eta egoitzetako familiartekoek sortutako Senideak taldetik igorritako mezua ere irakurri dute gaurko elkarretaratzean, "Gipuzkoako egoitzetako langileek babesa eman diezaiogun". Aldundiak lurraldeko adinekoen egoitzen egoera larriari irtenbideri aurkitzeko borondaterik ez duela salatzen dute oharraren sinatzaileek, eta egoitzetako langileen ordezkariekin biltzeko eskatzen diote Aldundiari. Ahobatez egin dute bat plazan bildutakoek oharrak dioenarekin.