Zumaiako puntistak, zesta-puntako Udazken sariko finaletan

Juan Luis Romatet 2022ko ots. 3a, 17:00

Mutrikuko Miruaitz frontoian jokatuko dira bihar, ostirala, 19:30etik aurrera zesta puntako Udazken Sariko B multzoko finalak. Zumaiako klubeko bi puntista izango dira bihar lehian final hauetan.

Eskola Kiroleko behin-behineko debekuak eragina izan du zesta-puntako Udazken Sarian ere, eta asteburu honetan berrekingo diote lehiari. Hain zuzen ere, B multzoko finalak jokatuko dituzte –A multzokoak urtarrilean jokatu zituzten–, ostiralean, Mutrikun; 19:30ean hasiko da jaialdia, alebinen norgehiagokarekin, eta infantilen txanda izango da ondoren. 

Alebinetan, Mendizabal (Donostia Jai Alai) eta Enbil (Zumaia), Paniagua (Danok Bat) eta Goñiren (Zumaia) aurka arituko dira. Infantiletan, aldiz, Elezgarai (Danok Bat) eta F. Watkins (Zumaia), Lazkanotegiren (Hondarribia) eta Goñiren (Zumaia) aurka lehiatuko dira. 

Beotibar, Danok Bat, Donostia Jai Alai, Gazteleku, Hondarribia eta Zumaia klubetako pilotariek hartu dute parte aurtengo txapelketan. Txapelketa honek dituen berezitasunen artean nabarmentzekoa da pilota bakoitza bere burua ordezkatuz aritu dela, nahiz eta izena klubaren bidez eman. Bikoteka jokatu dute, baina bikoteak desberdinak izan dira jardunaldiro, eta puntuazioa pilotari bakoitzari egokitu zaio, ez bikoteari.

Antolatzaileen esanetan, klub desberdinetako pilotariak nahastu nahi ditu txapelketa honek, denek denen aurka eta elkarrekin jokatzeko aukera emanez, hartara maila orekatzen laguntzeko eta lehia bereziagoa egiteko.