Autokarabanen gunea arautzeko ordenantza aho batez onartu du udalbatzak

Maria Maya Manterola 2022ko ots. 2a, 16:30

Estazioko industrialdeko Urola plazan 27 autokarabanarentzako gunea atonduko dute. Ibilgailu horien joan-etorriak arautzeaz gain, erabiltzaileentzako egokia den gunea prestatu nahi du udalak.

Autokarabanen egonaldia arautzeko ordenantzari behin betiko onarpena eman dio udalbatzak, zinegotzi guztien babesarekin. Estazioko industrialdean egokituko dute ibilgailu horientzako gunea, Urola plazan.

Autokarabana askok Estazioko Ikatz plazan eta Puntanoetan aparkatu ohi dute gaur egun, baina gune horiek ez dute autokarabanen erabiltzaileentzako zerbitzurik eskaintzen. Ibilgailuen joan-etorriak arautzeaz gain, haientzako egokia den toki bat prestatu nahi du udalak Urola plazan.

Gune horretan, guztira, 27 autokarabanak aparkatu ahal izango dute. Hasiera batean behintzat, ez du itxiturarik izango, eta gunean ezarriko dituzten komun publikoak zabalik izango dira inguru horretatik pasatzen diren pertsonentzat ere.

Gunea ordainpekoa izango da –10 euro balioko du egunak–, eta erabiltzaileei bertan akanpatzeko aukera ere eskainiko diete. Herrian ez dago akanpatzeko beste aukerarik, eta horretarako aukera eskaini nahi du udalak.