Jai Alai Winter Series txapelketako lehen jardunaldia, gaur ETB-1en

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 29a, 17:18

Floridako (Estatu Batuak) frontoiak itxi izanak sortutako hutsunea bete nahian, neguko zesta-punta txapelketa eratu dute Euskal Herrian. Gaur jokatuko da lehen jardunaldia, eta ETB-1ek emango du gaueko 10:00etatik aurrera.

Gernikako frontoian jokatuko dira txapelketa honetako partida guztiak. Hamabi pilotarik hartuko dute parte txapelketan, sei bikotetan banatuta. Horien artean dira Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez zumaiarrak. Herriko puntisten lehen pilotakadak ikusteko astelehenera arte egon beharko da zain.

Gaur jokatuko da txapelketako lehen jardunaldia, 22:00etatik aurrera. Erkiaga eta Zabala Barandika eta Lekerikaren aurka arituko dira estelarrean. Jaialdiko lehen partidan, A. Goitia-D. Mandiola eta Johan-Manci bikoteak neurtuko dira. 

Urtarrilaren 31n, eta otsailaren 14an eta 28an izango dituzte partidak Zumaiako pilotariek. Lopez Arberekin arituko da txapelketa honetan, eta Goikoetxea Aimarrekin.