Juan Jose Larrañaga: "Jendaurrean egoten jakin behar da lanbide honetan"

Felix Aizpurua 2022ko urt. 29a, 10:00
Nekane Etxabe eta Juan Jose Larrañaga, Basadiko harategiaren parean. (Felix Aizpurua)

Erretiroa hartzear da Juan Jose Larrañaga (1960) harakina. Gaur du azken laneguna Basadin duen harategian. Hamar urtez lankide izan duen Victor Lezamak jarraituko du aurrerantzean negozioarekin. Ofizioaren eta urteotan guztiotan izandako bizipenen inguruan aritu da Larrañaga.

Noiz hasi zinen lanbide honetan?

13 urterekin errekadista hasi nintzen Maria Isabel Agirrezabalagak, Secretario kalean zuen janari dendan. Etxerako zerbitzuak egin eta propina ederrak jasotzen nituen.

15 urterekin osaba Keperinekin udan lanean hasi nintzen gero, Sasiain harategian. Ofizioa ikasi nuen bererekin. Hiltegira lagundu, haragia eta txorizoak prestatu…. Goiko plaza eta Zunbilo kalean postuak zituen, eta lan asko egiten zuen. Gustoko lana nuen.

Beste ofizio edo lanbiderik izan al duzu?

Lanbide Heziketan mekanika ikasi ondoren, Lagun Artea enpresan lanean aritu nintzen lau hilabetez. Bertan jarraitzeko aukera izan nuen, baina harategiko lanak gehiago betetzen ninduen. 

Solduskara joan nintzen, baina hiru hilabete ondoren libratu nintzen.

Soldaduskaren ondoren, zer?

Aita Mari auzategiko Eroskin harakina behar zutela-eta, bertan hasi nintzen 19 urterekin. Eroskin hiru urtez aritu nintzen. Ondoren Agustin Ibargurenekin batera, Basadi auzategian harategia zabaldu nuen. Plaxido harakinari hartu genion Basadi kaleko 4.zenbakian zegoen lokala. 7 urteren ondoren, bakoitzak bere bideari ekin genion eta nork bere harategiarekin jarraitu genuen.

Harakina izateko dohain berezirik behar al da?

Jendaurrean egoten jakin behar da lanbide honetan, eta harremanak garrantzitsuak dira. Hasierako garaietan, baserritarakin tratua zuzenean egiten zen, ganadua hiltegira eraman, eta ondoren harategira. Igandeak baserritarrarekin tratua egiteko izaten zen. Gaur egun, baserritarrekin harremana galdu dugu, eta hiltegitik lan erdiak eginda datoz. Gestio-kudeaketa lanak berriz, ugaritu egin dira.

Beti Basadin egon al da zure negozioa?

Zarautzen itxita zegoen harategi bat zabaldu nuen, eta han ere lanean ibili nintzen. Nik eta emazteak eramaten genuen beste langile batekin. Hau, ordea, orain lau urte utzi genuen, eta beste harakin batek kudeatzen du orain.

Lanbide honek bete egin zaitu, baina zer kendu dizu?

Faltan botatzen dut seme-alabak txikiak zirenean familiarekin egoteko astirik ez izatea. Etxetik irtendakoan umeak lotan uzten nituen, eta etxera itzulitakoan lo egoten ziren. Eskerrak emazteari, umeak zaindu eta harategian lana egin baitu.

Garai zailena noiz izan da?

Behi eroen gaitza agertu zen urteak garai txarrak izan ziren. Batzuetan haragiak fama txarregia dauka. Ez ziren urte onak izan.

Harategiko zerbitzua hobetzeko asmoz, osabaren baserrian ganadutegia ipini nuen, bezeroari konfiantzazko produktua eskaintzeko. Hamar urte egin ondoren, utzi egin nuen harategiarekin nahikoa lan nuelako.

Anekdota edo bitxikeriarik izan al duzu?

Bai noski, asko. Gabon batzuetan Zarauzko bezero batek deitu zidan, siesta garaian. Gabon Gaueko erosketa egitea ahaztu zitzaion. Ze egunetan bizi zen ahaztuta zegoen, nonbait. Denda zabaldu eta erosketa egin zuen.

Bizimodu berrian zer egiteko asmoa duzu?

Kirola beti gustatu zait. Bizikleta elektrikoa erosi dut, andrearekin bidaiatzea gustatzen zait, baratzean jaradutea ere bai, ganadu zalea ere banaiz… Ez dut uste aspertuko naizenik.

Eskerrak eman nahi dizkiet urte guzti hauetan bezero izan direnei. Asko zor diet, bestela ez bainituen hainbeste urte iraungo lanbide honetan.