2.400 kilo produktu jaso ditu Darahli Saharako errefuxiatuen kanpalekuetarako

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 27a, 10:00

Piztu itxaropena Euskal karabanarako produktuak bildu zituen Darahli elkarteak pasa den astean.  Karabana honen helburu nagusia saharar herriari ahalik eta elikagai gehien bildu eta kanpalekuetara bidaltzea da.

Aurreko astean egin zen bilketa: aste barruan herriko ikastetxeetan, eta larunbatean herri mailan, BM eta Eroski supermerkatuetan. Guztira, 2.400 kilo inguru elikagai bildu zituztela azaldu du errefuxiatuen alde lan egiten duen  elkarteak: 160 bat kaxa bete zituztenatun, azukre, pasta, lekale eta arrozarekin, eta beste hamar kaxa konpresekin. Jasotako material hau guztia otsailean aterako den karabanan bidaliko da.

Iaz bildutakoa baino pixka bat gutxiago bildu du kanpaina honetan Darahlik, baina herriaren erantzuna “bikaina” izan dela ere azpimarratu du. Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie kanpaina honetan lagundu duten zumaiar guztiei, herriko supermerkatuei eta ikastetxeei, baita janari bilketa honetan lagundu duten 45 boluntarioei.