2023ko Tourra eskualdetik pasatuko da

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 26a, 19:09

Aurtengo Tourra ez da oraindik jokatu, baina Frantziako txirrindularitza itzuliko antolakuntza ari da datorren urteko proban lanean. Hala, Euskal Herrian izango du hasiera 2023ko Tourrak, eta hirugarren etapa eskualdeko pasatuko dela jakin da orain.

Mundu mailako txirrindularitza proba handiena da Frantziako Tourra, eta behin edo beste Frantziako mugetatik kanpo abiatu izan da. 2023. itzuliaren kasua izango da. Dagoeneko ari dira datorren urteko Tourraren nondik norakoak ezagutzera ematen. Jakina da Euskal Herrian izango duela abiapuntua, uztailaren 1ean, Bilbon hasiera eta helmuga izango duen etapa batekin. Bigarren etapa Arabatik pasatuko da, eta hirugarrenean sartuko da Gipuzkoan. Uztailaren 3an izango da hori. 

Hirugarren etapak Zornotzan izango du irteera. Behin Gipuzkoan, Debatik barrena, Urola Kostako eskualdera helduko da. Kostaldetik igaroko da pelotoia: Itziartik behera, Zumaiara helduko da, eta handik, kostako errepidean barrena joango da tropela; Getariatik, Zarauztik eta Oriotik igaroko da, mugako bidea hartzeko. Tourraren antolatzaileek ez dute oraindik iragarri, baina hirugarren etapa hori Baionan amaituko dela aurreikusten da. 

Oraindik urte eta erdi falta da, baina txirrindularitzako eta, bereziki, Tourraren jarraitzaileak motorrak berotzen has daitezke.