Zumaiako traineru nagusia txukun aritu da denboraldiko lehen estropadan

Aitziber Arzallus 2022ko urt. 23a, 16:53

Portugaleteko (Bizkaia) X. San Nikolas jaitsieran parte hartu du gaur eguerdian. Senior mutilen mailan hemezortzi ontzi uretaratu dira, tartean Telmo Deun, eta lehen postuetan ibili ez den arren, azkenengoak ere urrun gelditu zaizkio: 11. egin du. 

Telmo Deuneko traineru nagusiko mutilak aspaldi hasi ziren datorren denboraldirako prestatzen, eta gaur, zer puntutan dauden ikusteko lehen aukera izan dute Portugaleteko (Bizkaia) X. San Nikolas traineru jaitsieran.

Beteranoek eman diote hasiera lehiari, 12:30ean; emakumeen txanda izan da gero; gazteena jarraian; eta 13:00ak jota irten da Zumaiako taldea, seniorren txandan. Maila horretan hemezortzi ontzi uretaratu dira guztira, eta zumaiarrak punta-puntan ibili ez diren arren, lan txukuna egin dutela esan daiteke: 5.500 metroak 19 minutu eta 23,2 segundoan eginda, 11. gelditu dira.

Zumaiako arraunlariek gain, Getariakoak ere izan dira Portugaleten. Haiek zazpigarren egin dute, lanak 19 minutu eta 7,6 segundoan bukatu eta gero. Garaipena, berriz, Zierbenarentzat izan da, 18 minutu eta 24,4 segundoko denbora eginda.