Amaia Aldalur: "Talde barruan ez badago giro onik, musika egitea oso zaila da"

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 23a, 09:00

Duela 30 urtetik San Pedro abesbatzari lotuta dago Amaia Aldalurren (Zumaia, 1973) jarduna. Urte horietako asko zuzendari lanetan egin ditu, eta horretan dihardu orain ere. Bere musika ibilbideaz, abesbatzak izan duen bilakaeraz eta pandemia garaian izan zituzten trabez aritu da, besteak beste.

San Pedro abesbatzako zuzendaria zara gaur egun. Zer ibilbide egin duzu aurretik?

12-13 urterekin hasi nuen ibilbidea musikan, zortzigarren mailan nengoela. Lehenago ere jasotzen genituen pianoko klaseak, baina orduan kontserbatoriora bideratu nintzen. Han hasi nuen musikako ibilbide serioa. 

Goi mailako pianoko ikasketak egin nituen, izatez, beraz, pianista naiz. Baina bizitzak bueltak ematen ditu, eta gogoratzen naiz nola joan nintzen hemezortzi urterekin garai hartan zuzendari zen [San Pedro abesbatzako zuzendari] Agustin Zubimendirengana, eta esan nion kantatu nahi nuela. Oso ondo gogoratzen naiz, esan zidan: “Bada, etorri”. Ez dakit zer piztu zitzaidan barruan, baina bakar-bakarrik joan nintzen.

Orduan nolakoa zen abesbatza? 

Parrokiako abesbatza zen, mezetan abesten zuten askotan, baina, tira, nik abestu besterik ez nuen nahi. Hasi nintzen kantuan, eta musikan oso sartuta nengoela, 2001. urtean, abesbatza hartu nuen lehen aldiz, 28 urterekin. Gero etenaldia izan nuen, eta 2008an berriz hasi nintzen zuzentzen. Gerora, gehiago sartzen joan naiz, eta 2015ean Hondarribiko Xatz Eskifaia zuzentzen hasi nintzen. Horrez gain, 2006tik Hernaniko musika eskolan egiten dut lan, eta 2017an hango abesbatzak ere hartu nituen, eskolako abesbatza guztiak. 

Taldeak zuzentzen baduzu eskarmentua, orduan. 
Bai, tira, eskarmentua ez dakit daukadan, batzuetan eskarmentua hartu egiten dut, galanta, gainera. Abesbatzen adar guztiak eramaten ditut, jubilatuena izan ezik. Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko batzordekide izaten ere badaramatzat urte batzuk, eta aurtengo irailaz geroztik lehendakari naiz. 

Zer funtzio dauka Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak?
Oso garrantzitsua da Gipuzkoan, baita Euskal Herrian eta hortik kanpo ere. Urte asko daramatza martxan Federazioak eta oso ondo funtzionatzen du. Mugimendu handia dago: 110 abesbatza ditugu federatuak, askotarikoak. Helduak, haurrak, jubilatuak..., badauka bere pisua. Antolatzen dira helduen topaketak, haurrenak, Ereintza Gabon Kanten Jaialdia ere antolatzen da... Lana nahi adina dago.

Herrira itzulita, zer bilakaera izan du San Pedro abesbatzak urte hauetan?
Ez dakit bilakaera handia izan duen. Nik abesbatzako kideei erakutsi nahi izan diet ikasteko eta hobetzeko gogoa. Abesbatza xumea ginen eta orain ere hori izaten jarraitzen dugu, gure proiektuekin. Baina helburua da taldea hobekuntzarako bidean egotea. Niretzat hori da garrantzitsua. Hori eta musika egitea, noski; teknika gehiagorekin edo gutxiagorekin. Horren barruan, lehena da disfrutatzea eta giza talde on bat osatzea. Talde barruan ez badago giro onik, musika egitea oso zaila da.

Bilakaera horretan, errepertorio aldaketa egon al da? 
Hasieran abesbatzak eduki zuen aldaketa nagusia mezen kontua izan zen. Urtean meza asko kantatzen genituen lehen, eta hori murriztu egin genuen. Harrezkeroztik, zortzi meza kantatzen ditugu urtean. 

Elizatik atera ginen, eta musika eskolan entseatzera pasatu ginen. Pixka bat baneukan hortik ateratzeko beharra; izan ere, badago jendea abesbatzak elizarekin zuen loturak atzerakada ematen diona. Nik uste dut gaur egun gaindituta dagoela hori. Eduki dut abesbatzan oso jende makarra kantuan, eta horiek ere joaten dira meza abestera, baina ez dira joaten mezetara. Beste batzuk badira elizkoiak, baina jende gehiena abestera joaten da. Elizkizunetan parte hartzen dugu San Pedro egunean, Eguberri egunean edo Elizarentzat garrantzitsuak diren bestelako egunetan. Horrelakoetan, guk ere baliatzen dugu zerbait potentea prestatzeko, musika erlijiosoa oso ederra eta interesgarria delako.

Zer profiletako jendea duzue abesbatzan?
Denetik daukagu. Esango nuke % 25ek badakitela musika, badakite partiturak irakurtzen, baina beste batzuek ez. Urteen poderioz ikasi dute, batzuk intuizio handiarekin, eta asko daude ahots klaseak jasotzera joaten direnak beraien kabuz. Profil oso desberdinak ditugu. Adinari dagokionez, 50 urtetik gorakoak dira asko. Batzuk jubilatuta ere badaude, baina gaur egungo jubilatuak oso gazteak eta oso aktiboak dira; hori lehendik hona asko aldatu da. Jendeak lan handia egiten du, animatzen da batzordean parte hartzera eta ikasteko grina dute. 

Talde aktiboa da eta egoera onean dago, baina pandemiak izango zuen eraginak beldurra eman zidan. Halere, pandemiak taldea sendotu egin duela esango nuke. Ez genion kantatzeari utzi. Ez ziguten utzi entseatzen, baina berriz ere elkartu garenean, pertsona bakarrak laga dio etortzeari.

Nola bizi izan zenuten pandemiaren eragina?

Pandemia garaian erreferentzialak ziren abesbatzek bakarrik zeukaten entseatu ahal izateko baimena. Horiek dira Eusko Jaurlaritzatik dirulaguntza zuzena jasotzen dutenak. Horregatik, Gipuzkoan eta Euskal Herrian bazeuden abesbatza batzuk entseatzeko aukera zutenak, baina ez zen gure kasua. Borroka handia egin genuen horren harira. Musika eskolako abesbatzekin entseatzeari ez nion laga, hezkuntzaren barruan zeudelako. Kontraesan handia zen, eta asko sufritu genuen. Online ere ahalegindu ginen entseatzen, baina nik oso garbi neukan hori ez zela egokia gure abesbatzarentzat. Aurrerago, beste zirrikitu batzuk topatu genituen zerbait egin ahal izateko. Kutsu profesionala emanez gero baimena lortu genezakeen kontzertua antolatzeko, eta kantatu ahal izateko trikimailuekin ibili ginen. Horrela antolatu ahal izan genuen kontzertua lehengo apirilean. 

Borroka asko egin behar izan dugu, baina taldea oso sendo azaldu da, eta hori oso polita izan da. Neurriei begira, Andra Mari abesbatzan eta orkestraren batean kutsatze potenteak egon zirenez, baztertuak izan gara. Baina, tira, bagoaz aurrera.

Orain zein da egoera?

Kontzertuak maskararekin ematen jarraitzen dugu, espazio itxietan baldin badira. Espero dut kalean egiten ditugun emanaldiak eta kantujirak maskararik gabe eman ahal izatea, baina barrualdean bada, maskararekin abestu behar dugu. Ia guztiok daukagu txertoa hartuta, baina arauak arau dira eta bete egin behar ditugu. 

Zer erakutsi dizu hainbeste urtetan lan honetan jarduteak?
Ikasketa prozesua ez dela inoiz bukatzen; beti dagoela zer ikasi, ibilbidea oso luzea dela eta ez dela bukatzen. Ikasi dut, ahal baldin bada, inguratu behar duzula zuk baino askoz gehiago dakien jendeaz, haiengandik ikasteko eta hori gero zure abesbatzako kideei transmititzeko.  

Horrez gain, ikasi dut kantu bidez adierazten dena oso zaila dela beste modu batera adieraztea, barru-barrutik ateratzen delako eta emozio aldetik ondo egon behar delako. Zu oso triste baldin bazaude, edo gaixorik, ez zaizu ateratzen kantua. Ongi egon behar duzu kantatu ahal izateko eta emateko; kantatzea ematea baita.

Zer moduz ikusten duzu transmisioaren kontua? Gazte jendea erakartzen al du abesbatzak? 
Oso gai delikatua da hori. Musika eskolan baditut ikasle gaztetxoak, nirekin hasten dira abesbatzan eta hazten joaten dira, baina badaude etapa oso delikatuak. Zenbait etapatan, gazteek taldean funtzionatzen dute. Kirolean taldeak osatzea ohikoa da, baina musikan gehiago kostatzen da hori mantentzea. Piramidea asko estutzen da garai horretan. Ateak irekita daude, noski, baina normalean ez ditugu erakartzen 18-20 urtekoak, guk ere adin profil bat daukagu. Baina ez nau gehiegi kezkatzen horrek, harrobia egitea oso zaila baita. Urte asko daramatzat honetan, eta txikitan hasten direnen artean, % 5 edo igarotzen da goian abestera. Ni pozik geratzen naiz beraiek ahots osasuntsua baldin badute, ondo erabiltzen badute eztarria, garrasi egiten ez badute eta horren inguruko gutxieneko ikasketa batekin joaten badira. 

Gero, gutxi batzuei sortzen zaie musikarako grina hori, mantentzen dute eta hor jarraitzen dute. Ehuneko txikia da, baina nik onartuta daukat hori horrela dela. Musika egiten dugunok gutxiengoa gara.