Telmo Irureta: "Batzuek ez dute ezgaituen sexu praktiken berri; beste batzuei ez zaie gaia interesatzen"

Maria Maya Manterola 2022ko urt. 20a, 09:00
Irureta eta Garmendia taula gainean, Bilbon. (Utzitakoa)

Ezgaitasuna eta sexua gurutzatzen dituen 'Sexberdinak' antzezlana aurkeztuko du Telmo Iruretak Arrigorriagan bihar, ostirala. Tabua den gaia taula gainera eramango du Aitziber Garmendiarekin.

Geuretik sortuak egitasmoaren barruan, Sexberdinak antzezlana ondu du Telmo Iruretak. Arrigorriagan egin du egonaldia Aitziber Garmendiarekin batera, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean eta Dorleta Urretabizkaiaren babesean (zuzendari laguntzailea). Kepa Errastirekin batera idatzi du testua Iruretak: ezgaitasuna eta sexua ardatz hartuta, maitasunaz eta bakardadeaz arituko dira eszenan Ana eta Niko pertsonaiak.

Igogailu batean harrapatuta geratu direla-eta izango dute bi pertsonaiek elkar ezagutzeko parada. "Denbora asko pasatzen dute elkarrekin igogailuan, leku txiki horretan, eta ezagutzen joaten dira. Igogailuan gertatutakoa flashback bat da, baina gero irten egiten dira tarteka, ikusleei begira hitz egin eta gertatutakoa azaltzeko. Antzerkiaren barruan dagoen beste antzerki bat da. Umoretik dezente du, baina bukaeran seriotasuna hartzen du", azaldu du Iruretak.

Nikok eta Anak, biek dituzte beren arazoak, Iruretaren hitzetan. Paradoxikoki, bakardadeak batzen ditu: "Nikok bikotea eduki nahi du, eta printze urdinaren zain dago, printze motela tokatu bazaio ere. Anak, berriz, amatasunaren inguruan hitz egiten du. Bidegurutze batean dago, erabaki beharrean", dio aktore zumaiarrak.

Ezgaituen sexualitateari ikusgarritasuna ematea izan da helburua Iruretarentzat. Haren hitzetan, batzuk ez dakite halakorik existitzen denik ere. Beste batzuei, berriz, ez zaie interesatzen. Eta jakinminak jota galdera asko dituen jendea ere badago, baina "ez dira galdetzera ausartzen": "Nori galdetuko diote? Kalean ikusten duten gurpildun aulkian doan bati?". Antzezlanak galdera horietako askori emango die erantzuna.

Jakinminak jota galdera asko dituen jendea ere badago, baina "ez dira galdetzera ausartzen": "Nori galdetuko diote? Kalean ikusten duten gurpildun aulkian doan bati?"

Antzerkiak irauten duen denboran, behintzat, gogoeta egitera bultzatu nahi ditu ikusleak. "Nik ulertzen dut jendearen pentsatzeko modua, baina uler nazatela beraiek". Iruretaren errealitatera gehiago hurbiltzeko, gurpildun aulkietan ikusiko du antzezlana publikoak.

Iruretaren arabera, jendea asko kezkatzen da hitzekin, eta askotan galdetzen diote nola esan behar den: ezgaitua, elbarria, ezindua… "Gehiegi kezkatzen gara hitzekin, eta nire ustez, ez du hainbeste inporta. Elbarri alua deitu nahi badidate, aurrera, baina tabernako koska kendu eta utz nazatela sartzen!".

Tabuak taula gainera eramatea du xedea antzezlanak, baina era berean, terapia ere bada aktorearentzat. Nikoren azaletik arituko da Irureta, eta horrek askatasuna emango dio bere pentsamendu eta sentimenduen inguruan aritzeko: "Nikoren gauza asko nireak dira, baina ez naiz ni, eta inork ez daki zer den Telmorena eta zer Nikorena".

"Familia bat"

Sexberdinak antzezlanak berriz elkartu ditu Mireia Gabilondo eta Irureta, lehendik ere elkarrekin lan egindakoak baitira. 2017an Striptease ikuskizunean aritu ziren biak ere. Loraldia festibalerako sortu zuten pieza ezberdinez osaturiko emanaldia izan zen hau. Pieza horietariko bat idatzi zuten Gabilondok eta Iruretak: "Nik, ezgaitu bezala lantzen nuen gaia: zer da striptease bat, nola egiten da, eta nola egin dezaket nik, biluztu ezin banaiz? Polita izan zen, baina funtzio gutxi eskaini genituen, muntaia handia eta garestia zelako", dio Iruretak.  Barrea eta negarra, biak eragin zituen ikusleen artean, eta hori "sekulakoa" da Iruretaren ustez, "bizitza bezalakoxea". Oraingoan ere jolastuko du errealitatearen gordintasunarekin.

Iruretarentzat "oso polita" izan da Gabilondorekin, Errastirekin, eta Garmendiarekin eta Urretabizkaiarekin lanean aritzea, eta "familian bezala" sentitu da haiekin. Lagunak dira, eta Iruretaren hitzetan, "gustua ematen du" halako jendearekin aritzeak. Entseguetan ondo pasa dutela dio, baina aitortu du negar pixka bat ere egin dutela, jorratutako gaiek hunkitu dituztelako.

Geuretik sortuak egitasmoan parte hartzen duten herrietan aurkeztuko dute aurrena antzezlana, baina Euskal Herritik kanpo ere eskaini nahi dute. Testua gaztelerara itzulita dago jada, Madrilera eramateko aukera sortu baitzaie: "Egitasmoa hemengoa da, eta badugu lotura hori, baina gero Euskal Herritik kanpo ere saio batzuk egitea gustatuko litzaiguke".

"Egitasmoa hemengoa da, eta badugu lotura hori, baina gero Euskal Herritik kanpo ere saio batzuk egitea gustatuko litzaiguke"

Proiektu ugari

Taula gainean bai, baina pantaila handian ere izango da datozen hilabeteotan zumaiarra. Fernando Franco zuzendariaren La consagración de la primavera filmean parte hartuko du; otsailaren amaieran dituzte aurreikusita grabazioak Iruretarekin. "Kuriosoa" da, Iruretaren hitzetan, aurten eskuartean dituen proiektu guztiek gai antzekoak ukitzea. "Ezgaitasuna beti egongo da nire gaien artean. Baina kointziditu du ezgaitasuna eta sexua elkartu direla", dio.