Abstrakziotik desagertutakoak

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 19a, 09:32

Gizarteko edota kulturako arlo askotan bezala, emakumeek arte abstraktuari egindako ekarpenak ahaztu egin dira, eta, hein batean, desagerrarazi ere bai. Egoera horri buelta eman nahian, eta emakume artistek abstrakzioari egin dioten ekarpenaren historia berridazteko asmoarekin, Emakumeak abstrakziogile erakusketa antolatu du Bilboko Guggenheim museoak.

Erakusketa hori abiapuntutzat hartuta, Ismael Manterola EHUko Arte Ederren Fakultateko Artearen Historia irakasleak hitzaldia emango du bihar, urtarrilaren 20an, 19:00etan hasita, Alondegiko Oxford aretoan.

Irakasleak dio Bilboko museo horretan zabaldu duten erakusketa topiko asko haustera datorrela. “Artistaren mitoaren barruan, topikoek diote emakumeek gehiago jo zutela loreak, paisajeak, umeak edo bodegoiak margotzera. Bazeudela gai batzuk gizonenak zirenak, eta beste batzuk emakumeenak. Arte historian dagoen ideia da arte abstraktuan, haren sorreran eta garapenean, emakumeek ez zutela parte hartu; gizonen kontua izan zela arte abstraktua. Eta erakusketa honek erakusten du hori ez zela horrela izan. Artista pila bat, artelan pila bat bildu du erakusketa honetan, eta horrek erakusten du emakumeek ere ekarpena egin zietela abstrakzioari”, dio Ismael Manterolak.

Europan eta Ameriketan bakarrik ez, arte iraultza hori mundu osoan gertatu zen XX. mendearen hasieran, eta hori ere erakusten du Guggenheimen otsailaren 27ra arte bisitagai dagoen erakusketak. “Hori da erakusketa honek egiten duen beste ekarpen bat: mundu guztiko artelanak bildu dira bertan. Ez da Mendebaldeko artegintzan bakarrik zentratu, mundu mailako beste leku batzuetako artelanak ere erakutsi nahi izan dira”. Erakusketak 300, ia 400 artelan biltzen ditu orotara.

Hitzaldian, Manterolak abstrakzioaren inguruan ere hitz egingo du. Izan ere, arte mota horrek ikusleen edota erakusketetako bisitarien artean harridura sortzen du askotan. “Abstrakzioa zabaltzea ere bada hitzaldi honen helburua. Jendeak esan ohi du ez duela ondo ulertzen abstrakzioa, eta horren inguruan buelta bat ere eman nahi dut, pixka bat ikusteko abstrakzioa ez dela hain gauza arraroa. Ulertezinaren kontu hori askotan erabiltzen da arte abstraktuaren kasuan. Horren inguruan hitz egin nahiko nuke bertaratzen direnekin. Elkarrizketa puntu bat izango du”.