Aurrerantzean ere "gutxieneko eskaerak" aldarrikatzen jarraituko dute pentsiodunek

Maria Maya Manterola 2022ko urt. 17a, 14:00
Argazkia: Martin Rodrigez.

Lehen mobilizazioetatik lau urtera, protestekin jarraitzeko asmoan berretsi da pentsiodunen mugimendua. Pentsio publiko eta duinak ez ezik, kalitatezko osasungintza eta zaintza lanak ere galdegin dituzte.

Beste astelehen batez, Saregileen plazan elkartu da hainbat herritar, pentsiodunen eskakizunak plazaratzeko. Duela astebete hasi ziren berriz ere Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta 70 bat herritan Gabonetako oporren ondorengo mobilizazioekin. Beren aldarrikapenak plazaratzen hasi zirenetik lau urtera, nabarmendu nahi izan dute sindikatuek, gazte eragileek eta kolektibo feministek egin dutela bat beren borrokarekin. 

Urteurrenaren harira, mobilizazioak izan ziren joan den astean. Hego Euskal Herrian 15.000 lagunetik gora batu zirela jakinarazi dute, eta hori "Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren mobilizazio gaitasunaren eta gizarte-erreferentzialtasunaren" erakusle da: "Lau urteren ondoren, pentsio publiko eta duinen alde, osasun publiko eta kalitatezkoaren alde eta langileen kalitatezko enpleguen eta soldata duinen alde elkartasunez laguntzen jarraitzeko borondate irmoa erakutsi zuten". Aurrerantzean ere "gutxieneko eskariak" aldarrikatzen jarraitzeko asmoa agertu dute Zumaian ere.