Eska daitezke dagoeneko udal zergen hobariak

Mireia Galarza Bastida 2022ko urt. 15a, 15:52

Ondasun Higiezinen gaineko Zergetan eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zergetan eska daitezke hobariak. Horiek eskuratzeko beharrezkoa izango da zerga eta tasen ordainketak eguneratuta izatea. 

Dagoeneko eska ditzakete herritarrek Ondasun Higiezinen gaineko Zergei eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergei dagozkien 2022ko ordenantza fiskaleko hobariak.

Familia ugarien kasuan, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren hobaria seme-alaba kopuruaren eta diru sarreren araberakoa izango da, betiere 90.000 eurotik beherako diru sarrerak badituzte. Bizigune alokairu programan parte hartzen dutenek ere hobari hau eskatzeko aukera izango dute, eta %50ekoa izango da. Bi kasu horietan eskaera egiteko azken eguna urtarrilaren 31a izango da.

Energia aprobetxamendu sistemen hobariaren baitan kokatzen dira eguzki energia edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituzten ondasun higiezinak. Hobari hori aplikatzeko beroa sortzeko instalazioek administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak, edo berokuntzako eta ur bero sanitarioko sistemak (UBS) eduki behar dituzte.

Aurten, gainera, berrikuntza moduan, hobaria eskuratu ahal izango dute A edo B motako energia eraginkortasuneko etiketa bat duten ondasun higiezinek. Energia aprobetxamendu sistemen hobaria eskatzeko epea otsailaren 28an amaituko da. 

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, familia ugariek izango dute hobaria eskatzeko aukera. Kasu honetan gehienez %40koa izango da hobaria, eta hau eskatzeko epea ere urtarrilaren 31n amaituko da. 

Eskaera egiteko modua

Hobariak eskatzeko herritarrek hiru modu izango dituzte. Lehengoa udaletxean bertan, Herritaren Arreta Zerbitzuan. Bigarrena, telematikoki, herritarren atariaren bidez, eta azkenik, posta bulegoetan, ziurtagiri irekiaren bidez. Aurkeztu beharreko dokumentuak, hemen

Gainera, Zumaiako Udalak adierazi du hobariak eskuratzeko beharrezkoa dela zerga eta tasen ordainketak eguneratuta izatea. Bestalde, obariak ez dira bateragarriak izango, hau da,  Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kasuan, adibidez, ezin dira pilatu familia ugariari dagokion eta energia efizientziari lotutako hobariak.