Igandean jokatuko da X. Txakurkros lasterketa

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 11a, 19:00

Goizeko 11:00etan abiatuko dira korrikalariak eta txakurrak Alai auzunetik. Izen ematea asteazken gauerdian itxiko da. 

Pandemiak behartutako iazko hutsartearen ondoren, datorren igandean bueltan izango da txakurkros lasterketan. Urtarrilaren 16an korrituko denarekin hamar edizio beteko ditu  kirol proba honek. 

"2020an jokatu zen probaren bederatzigarren edizioa, eta iaz ezin izan zen egin osasun egoera zela eta. Aurten egingo da. Berez, segurtasun neurriak betetzeko aukera ematen duen kirol proba bat da hau", azaldu du Antxon Alberdik,  Kirol Patronatuko gerenteak. Korrikalariak eta txakurrak multzo txikitan abiatuko dira Aitzuri kaletik –Alai auzunean–. "Bosteko multzotan aterako dira, eta multzo batetik bestera oso denbora tarte txikia izango da, hamabost bat segundokoa", gaineratu du. 

Behin Aitzuritik aterata, Otezuri zentro parean dagoen tunela hartuko dute ezkerrerantz Basustako zelaietara igotzeko. Han egokitutako zirkuituari bi itzuli emango dizkiote, berriro errepidera atera eta helmugara heltzeko. Berrikuntza bezala, helmuga aurten Aitzuri kalean bertan kokatuko da, aurreko edizioetan izaten zen azken uneko bihurgunea ekidinez. Guztira, zortzi kilometro inguruko bidea egingo dute parte-hartzaileek. 

Lau kategoriatan banatuko dira proba honetako parte-hartzaileak: gazteak (14-18 urte), seniorrak (15-39 urte), A beteranoak (40-49 urte) eta B beteranoak (50 urtetik aurrera).

Lasterketa igandean goizeko 11:00etan hasiko da. Aurretik, 9:00etatik 10:30era bitartean albaitaritza probak egingo dira. Amaieran, behin lasterketa bukatu ondoren, haurrei zuzendutako ekintza izango da, 12:00etan, Victoriano Arrate kalean. Izenak egunean bertan emango dira, eta prezioa sinbolikoa izango da: euro bat. 

Izenak Kronoak atarian emango dira asteazken gauerdia baino lehen. Orotara 80 bat parte-hartzaile izango direla aurreikusten dute antolatzaileek.