Sarea egiteko aterpea

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 11a, 15:00
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Irailaren amaieran ateak zabaldu zituenetik, hamaika emakume zumaiarrentzat bilgune bihurtzen ari da Emakumeen* Etxea. Hainbat zumaiar lanean aritu dira horretarako, eta orain inauguratutako espazioa bizirik mantentzea dagokie. Aratz Zearretak dihardu dinamizatzaile lanetan, eta bera arduratzen da arreta zuzena eskaintzeaz bertaratzen direnei, egitaraua antolatzeaz eta diru kontuez.

Azaroko Baleike aldizkariko erreportajea webgunean irakur daiteke orain.

Bere hitzetan, etxeak eskaintzen dizkie emakumeei "ahalduntzeko eta sarea indartzeko tresnak". Orain arteko martxa ikusita "ezinbestekoa zela" ikusi du Zearretak. Oraingoz, hainbat hitzaldi eta ikastaro antolatu dituzte, eta zenbait talderen elkartzeko leku ere bada espazio berria. Dinamizatzaileak jakitera eman duenez, itxaron zerrendak daude ikastaro askotan, jendea joan-etorrian ibili ohi da, eta jendea etxea erabiltzeko askotariko proposamenak egiten ari da. "Batzuek proposatu digute, esaterako, emakume sortzaileen topaketak egitea, gero horrek fruituak eman eta azokaren baterako ekimena sor daitekeelakoan". Elkarteak berak antolatzen dituen ekintzez gain, beraz, lortu du nolabaiteko erreferentzialtasuna guneak.

280 bazkide ditu gaur egun Zumaiako Emakumeen* Etxeak. Ez da kopuru makala, baina Zearretak nahiko luke askotariko emakumeek etxetzat hartzea. "Mugimenduaren gertukoak, sarearen hurbil zeudenak, erraz erakarri ditugu, baina seguru dagoela emakume pila bat etxean, zaintza lanetan aritu direnak urte luzez". Horiengana heltzea nahiko luke Zearretak, Zumaiako emakume guztientzat "babesleku" izan dadin.

 

Maialen Odriozola Martija



Emakumeen* Etxeak ateak zabaldu aurretik, Talde Eragilean ibili da Odriozola hiru urtez. Talde txikian elkartzen ziren proiektua nolakoa izan zitekeen pentsatzeko. Proiektuaren prozesu hori herriko emakumeei hedatzea eta komunikatzea izan da Odriozolaren lana urte hauetan. "Guretzat inportantea zen jendearen artean zabaltzea etxearen beharra, eta jakin nahi genuen ea zer iritzi zeukan jendeak horren inguruan". Bazkidetza kanpaina ipini zuten martxan, eta apurka-apurka, ekintzak antolatzen joan ahala, hasi ziren ikusten jendeak bazeukala interesa proiektuan.

Garbi dago lan horrek guztiak bere fruituak eman dituela, baina oraindik ere jarraitzen du Talde Eragilean Odriozolak, Emakumeen* Etxearen antolaketa eta kudeaketa lanetan, batez ere komunikazioa jorratzen. Esaterako, etxea zabaldu dutela gizarteratzeko bideo bat egin dute berriki, eta sare sozialak eta halakoak kudeatzen ditu beste kolaboratzaile batzuekin batera. 

Odriozolak dio lehen ere ekintza asko egin izan direla Zumaian feminismoa ardatz hartuta. "Orain, ordea, erreferentziazko leku bat daukagu eta horrek laguntzen du programa osoagoa egiten, ikuspuntu ezberdinetatik". Horrez gain, emakumeen "erreferentziazko leku" izatea nahi du aterpe berria, baita "hala behar denean, salaketak egiteko" ere. "Helburua da emakume zumaiarren bizitzak hobetzeko aletxoa ipintzea".

Laura Iparragirre Uria



Herriko mugimendu feministako kide da Laura Iparragirre, eta arrazoi horrengatik hurbildu zen Emakumeen* Etxera. Berak pauso hori ematea erabaki zuenerako bazegoen etxeak izan behar zuenaren proiektua mahai gainean, eta ekarpenak egiteko hurreratu zen Iparragirre. "Egitarauak osatzeko, eta bestelako kontuetan nire aletxoa jartzeko", dio. Iparragirrek etxeak "martxa ona" hartuko duen irudipena dauka.
Horrez gain, Emakumeen Etxea martxan jarri zenean bertan zegoen eskaintza ikusi, eta noka ikastaroan izena eman zuen Iparragirrek. Hemezortzi lagun inguru biltzen dira. "Toki bizi" moduan definitu du Emakumeen* Etxea Iparragirrek. "Elkargune izaten ari da perfil eta adin ezberdinetako jendearentzat. Alde horretatik, oso aberasgarria izaten ari dela iruditzen zait, eta horrela jarraitu dezala". Izan ere, elkargune hori gabe "kontu puntualetarako" soilik elkartuko litzatekeen jendea batzen du espazioak."Honek aukera ematen dizu jende hori ezagutzeko beste giro batean".
 
Eneritz Gallastegi Lazkano 


Zoru pelbikoan aditua den fisioterapeuta da Eneritz Gallastegi. Ikastaroak eskaintzen ditu astearte goizetan, eta azaldu du "oso garrantzitsua" dela emakumeek jakitea zer den zoru pelbikoa eta nola indartu daitekeen. "Ezagutza falta handia dago eta tabua da oraindik horri buruz hitz egitea", dio Gallastegik.

Urriaren 5ean gaira hurbilpena egiteko tailer hitzaldi moduko saio bat eskaini zuen, eta orain abdominalak nola egin irakasten du, "zoru pelbiko hori indartzeko eta minik ez egiteko". Gallastegik uste du Emakumeen* Etxearen moduko espazio bat edukita, "errazago" hurbildu daitezkeela emakumeak bertara, "segurtasuna" ematen duelako. "Espazioa oso ondo dago, erosoa da eta tabu hori hausten lagundu dezake. Gainera, ez dugu material askorik behar ikastaro honetarako; esterilla batekin nahikoa da".


Ainhoa Leturiondo Muñoz


Bikoteagandik banandu zenean bere esperientzia berdinetik edo antzekotik igaro diren emakumeekin hitz egiteko beharra sortu zitzaion Ainhoa Leturiondo Muñozi, eta horretarako espazio bat behar zuen. Kuadrilla berekoak dira Maialen Odriozola eta bera, eta hark eta aurreko koordinatzaileak lagunduta hasi zen kartelak pegatzen egitasmoa martxan jarri ahal izateko. Banan coffee izena jarri zioten eta, hala, ama diren eta bananduta dauden emakumeei zuzendutako deia egin zuten, esperientziak partekatzera animatzeko, terapia gisa.

Pandemia garaian sortu zitzaion burutazioa Leturiondori, eta zain zegoen ea noiz arintzen zituzten neurriak, kontua martxan jarri ahal izateko. Hogarrean hasi ziren biltzen, ahal zuten moduan, distantziak mantenduta eta maskarak soinean. Zazpi lagun elkartzera iritsi ziren, baina denak biltzea "oso zaila" izaten zela dio, bakoitzak bere kontuak izaten zituelako. "Hala ere, elkartzen ginenean, oso ondo egoten ginen. Artikulu bat hartzen genuen eta gai horren inguruan genituen iritziak eta esperientziak partekatzen genituen".

Udako etenaren ostean, orain, aterpe sendoagoa dute martxari heltzeko. "Orain etxea daukagu, orain, benetako banan coffee izango da, toki goxoagoan". Izan ere, bada sukalde txiki bat Emakumeen Etxean, eta haren inguruan bilatuko dute orain elkarren berri izateko espazioa.
 

Aitana Perez Juez

Mugimendu feministako kide moduan erabiltzen du Emakumeen* Etxea Aitana Perezek, baita norbanako moduan ere. Momentuz, talde feministak bertan egiteko baliatu du. Azaldu du duela gutxira arte beste toki batean egiten zituztela, baina orain badutela espazio propio bat, "eta hori eskertzekoa da". Horrez gain, batukada tailerrean ere izena eman du Perezek; beraz, bi astean behin gorputza astintzera ere joaten da bertara. Perezi Emakumeen Etxeak egiten dion ekarpena da "leku seguru bat eta emakume feministen arteko topagune bat". Azaldu du hori "inportantea" dela, edozein motatako emakumeak direlako ongietorriak Emakumeen* Etxean.