Munduko Koparako puntuagarria izango da Flysch Trail mendi lasterketa

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 10a, 18:00

World Mountain Running Association erakundeak Munduko Kopa osatuko duten mendi lasterketen egutegia iragarri du. Gold Label (urrezko ziurtagiria) liga hamabi mendi lasterketak osatuko dute, eta horien artean izango da Flysch Trail mendi lasterketa, distantzia luzeko modalitatean. Aldaketarik ez bada, urriaren 2an jokatuko da mendi lasterketa.

WMRA Munduko Kopa Gold Label mailako hamabi lasterketetara murriztuko da aurten (iaz hamasei izan ziren). Murrizketa horrek baditu bi helburu: batetik, "selektiboagoa izatea" eta, aldi berean, COVID-19ren pandemia gorabeherak direla medio, "egutegia seguruagoa" izatea. Hala, Munduko Kopa osatuko duten probak Europan oinarrituko dira, eta lau hilabeteko epean jokatuko dira. 

Iaz gertatu bezala, Flysch Trail mendi lasterketa Munduko Koparako puntuagarria izango da, urrezko kategorian. Hiru modalitatek osatzen dute Munduko Kopa: SU (Short Uphill, lasterketa bertikala), CM (Classic Mountain) eta LM (Long Mountain). Probak LM modalitaterako puntuak emango ditu, maratoi erdiko distantziako lasterketarekin: 22 kilometroko luzera eta 850 metroko desnibel positiboa izango du mendiko karrera honek. 

Flysch Trailarekin batera, distantzia luzeko beste hiru probak osatuko dute LM kategoria: Giir de Mont (Italia, uztailaren 31n), Sierre Zinal (Suitza, abuztuaren 13an) eta Nasegi (irailaren 4an). Flysch Traila, beraz, distantzia luzeko egutegiko azken proba izango da, eta bertan erabakiko da zer korrikalarik irabazten duten Munduko Kopa. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, hiru emaitzarik onenak hartuko dira kontutan Kopako lasterkari onenak erabakitzeko. WMRAren 23. Munduko Kopako txapeldun absolutuak hiru modalitateetako emaitza konbinatuen bidez erabakiko dira.

Berrikuntza bezala, Munduko Kopa osatzen duten 12 Gold label lasterketez gain, Silver label izeneko beste bost lasterketa ere izango dira aurten. Horiei esker, Perun, Txekiar Errepublikan, Irlandan, Eslovenian eta Portugalen Munduko Kopako puntuak irabazteko aukera berriak izango dituzte atletek.

Bultzada

Mendi lasterketako antolakuntzarentzako bultzada bat da iazko erabakia aurten ere mantentzea. "2021eko Flysch Trailak izandako antolakuntza txalotu egin zuen erakunde honek, eta Munduko Kopa osatzen duten proben artean hobekien antolatuta zegoena zela esan ziguten", azaldu du Bosco Garitanok, Flysch Trailako antolaketa taldeko kideak. 

Oraindik erabat baieztatu gabe badago ere, 2022ko urriaren 2an korrituko den mendi lasterketak izango ditu berrikuntza batzuk. Hala, herrian antolatu izan den maratoi distantziako lasterketa ez antolatzeko pausoa emango dute aurten, eta maratoi erdiko proba indartuko dute. Horrez gain, aurreko egunetan antolatzen ziren ekintza kulturalak ez antolatzeko pausoa eman dezake Flysch Traileko antolakuntzak.