Buruz buruko zesta-punta finala jokatuko du bihar Imanol Lopezek

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 6a, 11:49

Argazkia: Julen Uribe

Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek buruz buruko zesta-puntako txapelketako finala jokatuko dute bihar, 21:00etik aurrera, Berriatuako frontoian. Udako bi pilotari onenak neurtuko dira Mendibarren frontoian: Erkiaga bakarkako bigarren txapela irabaztera aterako da; Lopezek hirugarrena jantzi nahiko du.

Hamalau pilotarik hartu dute parte 2021eko buruz buruko txapelketan. Arrakastatsua ari da suertatzen txapelketa, gainera; ez jokatutako partidetan izandako maila handiagatik bakarrik, Mendibarren frontoira zaletuak erruz hurreratu direlako ere bai. Harmailetatik zaletuek bultzatu egiten dituzte pilotariak, eta hauek hori nabari dute. Ameriketako frontoiak itxi dituzte, eta puntista onenek, gaur egun, Euskal Herrian jokatzen dute. Hori zaletuek ere badakite, eta ez dute hutsik egin nahi. 

Finalean udako denboraldian maila onena erakutsi duten bi pilotari neurtuko dira. Aritz Erkiaga bizkaitarra eta Imanol Lopez. Munduko Kopako izan ezik –Iñaki Osa Goikoetxeak eta Lekerikak irabazi zuten–, esan daiteke jokatutako guztia irabazi dutela bihar aurkari izango diren bi puntistek. Irabazten duenak irabazten duela ere, zesta-punta denboraldi bikain bati ginga jarriko diote.

Finalaren aurretik, binakako partida jokatuko da Berriatuako frontoian: Arbe eta Aimar Barandika eta Lekueren aurka neurtuko dira.