Peru Nolaskoain futbol zelaietara itzuli da 533 egunen ondoren

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 4a, 16:44

Badirudi amesgaiztoa bukatzen ari dela Peru Nolaskoain futbolariarentzat. Bost minutuz besterik ez, baina futbol zelai bat zapaltzeko aukera izan zuen atzo Athleticek Osasunaren aurka jokatutako partidan. 

Urte eta erdi egon da Nolaskoain futbol partidarik jokatu gabe. Urte eta erdiko amesgaiztoa 2020 ekainaren 20an lesionatu zenetik. Une hartan Coruñako Deportivon jokatzen zuen Athleticek utzita, Bigarren mailan, eta orkatillan min hartu zuen. Hasieran ez zirudien hain lesio larria, baina gauzak okerrera egin zuten. Handik hilabetera, 2020ko uztailean, minutu batzuk jokatzeko aukera izan zuen, baina ordutik ez du futbol zelai bat zapaldu partida ofizial batean; errekuperazio lanean izan da zumaiarra Athleticera itzuli zenetik. Atzora arte.

Bost minutu besterik ez ziren izan, baina Bilboko taldearen elastikoa janzteko aukera izan zuen berriro Nolaskoainek Ligako partida batean. Sadarren izan zen, atzo, Iruñean, Athleticek Osasunaren aurka jokatutako partidan. Muniainen ordez sartu zen zumaiarra zelaira, 89. minutuan.

Twitterreko txio batean gogoratu duen bezala, 533 egun izan dira futbol zelaietatik kanpo.