INOZENTE EGUNEKO ALBISTEA

Sakonetako hainbat irudi erabili ditu Billie Eilish-ek bere bideoklip berrian

Aritz Mutiozabal 2021ko abe. 28a, 11:35

[INOZENTE EGUNEKO ALBISTEA] Happier Than Ever disko berriko I Didn’t Change My Number abestiko ikus-entzunezko berrian ikusiko da bertako kostaldea. Urtarrilaren 8an estreinatuko du mundu mailan.

Nazioartean puri-purian dagoen abeslaria da Billie Eilish kaliforniarra, eta, beste behin, arrakasta itzela lortzen ari da aurten argitaratu duen Happier Than Ever diskoarekin. Hain zuzen ere, lan berriko seigarren single-a duen I Didn’t Change My Number abestirako bideoklipa aurki estreinatuko du: urtarrilaren 8an. Kontua da ikus-entzunezko berrian, besteak beste, Sakonetako irudiak erabiliko dituela, Classic Pop Magazine atariak aurreratu duenez.

Billie Eilish ezaguna da animalien aldeko defentsa egiteagatik, eta, antza denez, bideoklip berrian gai hori landu omen du. Zumaiako labarrez gain, munduko beste zenbait txoko natural ere agertuko dira: Hawaiiko Kilauea, Zelanda Berriko Waiheke irla eta Hardanger fiordoak. Zalantza dena da ea paraje horietan bertan –eta, beraz, Sakonetan ere– izan den abeslaria bera ere grabatzen. Bideoklipa estreinatzen duenean jakin beharko da.

[INOZENTE EGUNEAN KALERATUTAKO ALBISTEA]