Gaur arratsaldean jokatuko dute zesta-puntako errebantxa Aitzuri pilotalekuan

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 26a, 09:30

Azaroaren 20an, Munduko Kopako finala jokatu zen Mexikoko Zinacantepec herrian. Goikoetxea eta Lekerika izan ziren garaile, Erkiaga eta Lopezi 10-15, 12-15 irabazita.

Munduko Kopako finala orain hilabete jokatu zen Mexikoko Zinacantepec herrian, Tolucan. Azaroaren 20a zen, eta Erkiaga eta Lopez ziren faboritoak, udako sasoi bikaina egin ostean, baina irabazleak Goikoetxea eta Lekerika izan ziren azkenean, 10-15, 12-15 irabazita. Pilota biziarekin, dozena erdi sake atera zituen errebotera Goikoetxeak.

Gaur arratsaldean, 17:30ean hasita, errebantxa izango da Aitzuri frontoian.

Lau zumaiar eta hiru anaia ikusteko aukera

Estelarraren aurretik, lau zumaiar aterako dira Aitzuri frontoira partida jokatzera. Hiru jokalari, gainera, anaiak dira: Cosme, Eduardo eta Gonzal Agirre. Unai Uranga izango da jaialdian jokatuko duen laugarren herritarra. Norgehiagoka horretan, Eduardo eta Cosme Agirre, Gonzalo Agirre eta Unai Urangaren aurka ariko dira.

Sarrerak Turismo Bulegoan daude salgai 10 euroan, eta partidaren aurretik frontoiko leihatilan erosteko aukera egongo da. 

Kirol saio horretara sartzeko COVID-19 ziurtagiria eta NA erakutsi beharko dira. Eta beharrezkoa izango da jaialdian zehar maskara une oro jantzita edukitzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide