Banakako finalerdietara sailkatu da Imanol Lopez

Aritz Mutiozabal 2021ko abe. 26a, 09:00

Unai Lekerika hartu zuen mendean zesta-punta jokalari zumaiarrak joan den ostegunean, 12-9 eta 12-4 irabazita.

Zesta-puntako Banakako Txapelketaren final-laurdenak jokatu zituzten ostegunean Berriatuan. Hainbat baja tarteko, Imanol Lopezek Unai Lekerikaren aurka neurtu zituen indarrak finalerdietako txartela lortzeko, eta halaxe egin zuten bi setetan irabaitz, 12-9 eta 12-4.

Lehengo seta lehiatua izan zen, oso berdindua. Lekerikak ondo jokatu zuen, eta pilota bizixeagoarekin min eginez eskuinarekin, Lopez pasatzea lortu zuen. Aurrean aukera izan zuenean, ondo amaitzen zuen tantoa, batez ere txapa gainean dejadak eginez. Baina Lopezek bere jokoa erakutsi zuen pilotalekuan. Baliabide gehiago dituela nabarmenduz, lehenengo seta aurrera ateratzea lortu zuen (12-9).

Bigarrenean, Lopezek Lekerika menderatu zuen hasieratik amaieraraino. Izan ere, pilota motelagoarekin errebesez jaun eta jabe izan zen. Tantoak amaitzen ere ondo aritu zen zumaiarra,aurrealdean nahiz errebotean. Aise irabazi zuen bigarren jokoa (12-4).

Finalerdiak abenduaren 30ean, datorren ostegunean, jokatuko dira Berriatuko Mendibarren pilotalekuan, 21:00etatik aurrera. Lopezek Ladouche izango du aurkari; beste finalerdia Arberen eta Erkiagaren artekoa izango da.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide