"Garrantzitsua da haurrak txertatzea bizitza ahalik normalena egiteko aukera izan dezaten"

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 23a, 10:22

Ekainetik Donostia Ospitaleko Pediatria burua da Cristina Calvo (Ortuella, Bizkaia, 1974) Zumaiako bizilaguna. Azaldu du pandemia hasiera lasaia izan zutela beren sailean, baina orain lana ugaritu zaie, neguko infekzioekin eta COVID kasuekin. Argi du eraginkorra eta segurua dela haurrak txertatzea.

Cristina Calvo (Ortuella, Bizkaia, 1974), Donostia Ospitaleko Pediatria zerbitzuko burua da ekainetik. Pediatria intentsiboan da espezialista, eta larrialdi eta intetsiboen ataleko burua izan da ekainera arte. Denera ia hogei urte daramatza Donostia Ospitalean lanean.  

Estreinatu berri duzun kargurako ez zen izango hau urterik egokiena. Zer moduz zaudete Pediatria sailean pandemia garaiotan?

Umeak ospitaleratzearen arrazoi nagusiak izaten dira infekzioak eta istripuak, eta pandemiaren hasiera lasaia izan zen guretzat, denak etxean sartuta zeudenez, asko gutxitu zirelako egoera horiek. Horregatik, gure saileko langileak beste sail batzuetara bidali genituen lanera.

Orain zein egoeratan zaudete?

Pixkanaka berriz agertu ziren infekzioak, eta orain egoera normalean gaude; hau da, infekzio askorekin. Orain gutxi bronkiolitis epidemia egon da, eta horri COVID-19 birusa gehitu behar zaio. Pediatrian ez ezik, gainerako departamentuetan ere hori gertatu da: neguko ohiko gaixotasun eta infekzioak dituzte, eta gainera, COVIDa. Horregatik dago ospitalea bete-beteta. 

Luze doa pandemia osasun langileentzat, ezta?

Bi urte gogorrak ari dira izaten, protokolo berri pila batekin lan egin behar izan dugulako umeak eta geu babesteko. Beraz, sail guztietako langile guztiak oso nekatuta daude, eta une honetan, gainera, berriz ere topera dabiltza, txanda jarraituak eta asteburuak eginez. %300 ari dira ematen, eta hori aipatzekoa iruditzen zait, ez dakidalako behar bezainbeste aitortzen duten medioek eta gizarteak oro har. 

Pandemia luzatzen ari da, eta erritmo horretan luzera begira jarraitzerik badaukazue? 

Kezkatuta gaude, ukaezina da hori. Argi dagoena da txertoa eraginkorra dela, txertatuek hiru bider aukera gutxiago dutelako kutsatzeko eta murriztu egiten dituelako heriotzak eta ospitaleratzeak. Olatu honekin ikusten ari gara, txertatutakoek txertatu gabeek baino hamalau aldiz aukera gutxiago dituztela hiltzeko. Zein da kontua? Bada, birus hau oso agresiboki ari dela portatzen, eta ez garela iritsi gizartearen %90 txertatzera; %80an gaude. Hala, umeen artean transmisioa ikaragarria ari da izaten; hain zuzen, beraiek direlako hein handi batean txertatu gabe daudenak. 

Pandemia hasi zenean uste zen umeek asko kutsatzen zutela, gero ematen zuen ezetz, eta orain, berriz, baietz...

Hala da, bai. Baina umeak birusa transmititzen ari dira. Gainera, garapen bidean dauden herrialdeetan biztanleriaren oso zati txikia dago txertatuta. Horrek guztiak eragiten du mutazioak egotea eta birusaren aldaera berriak sortzea, eta modu globalean denera zabaltzea eta arazoaren dimentsioa kontrolatu gabe egotea oraindik. Zientzialariek denbora gutxian lorpen ikaragarriak egin dituzte, baina azken kontrola ez dago gertu. Mundu mailan txertaketa kopuru egokiak lortu ahala, gerturatzen joango gara. Duela urtebete baino askoz hobeto eta gertuago gaude, orduan heriotza tasa izugarria geneukalako. Baina honek luze joko du. Txertaketarekin jarraitu behar dugu, baita bestelako neurriekin ere: distantziak, maskara, eskuen garbitasuna... Are gehiago, Gabonen bueltan.

Ospitaleetako Pediatria sailetan umeak ingresatzen dira COVID-19agatik?

Guk ospitalean eduki ditugu haurrak birusagatik ingresatuta bai gela normaletan, bai zaintza intentsiboetan. Kutsatzen diren umeen %99k ez dute sintomarik edo arinak dituzte, baina %0,4 ingresatzen dira –horietatik %20 zaintza intentsiboetan, eta 100.000tik bi hiltzen dira– eta kutsatu asko baldin badaude, portzentaje horretan ume asko egon daitezke. Espainiako Osasun Ministerioak jaso du pandemia hasi zenetik estatuan 7.900 ume ospitaleratu direla eta 37 hil direla. Helduen datuekin alderatuta ez dira kopuru handiak, baina kontuan hartzekoak dira. Eta bestalde, datu hauek dira ospitaleratzeenak eta heriotzenak, baina badaude beste bi ezaugarri. 

Zeintzuk?

Batetik, birusa izan duten umeen %2k COVID iraunkorra dutela uste dute adituek; hau da, sintomekin jarraitzen dute hamabost astera arte, eta ospitaleratzerik behar izan ez arren, ezin dute bizitza normala egin nekeagatik, buruko minengatik... Bestetik, hantura multisistemikoaren sindromea dago, eta pediatrak asko kezkatzen gaitu horrek. COVIDa pasatu ondoren, beharbada sintomarik gabe eta konturatu ere egin gabe, hiruzpalau astetara sortzen den hantura da, eta kasu horietan umeek ospitaleratzea behar izaten dute, askotan zaintza intentsiboetan, sukar oso altua izaten dutelako eta abar. Pandemia hasieratik, estatuan 300 kasu egongo ziren; gutxi dira, baina existitzen dira.

Zumaian, kalean, galdetuko zizuten ea umeentzako txertoa segurua den. 

Gertukoek bai, baina zumaiar gehienek ez dakite zer lanbide dudan. Argi dago badagoela txerto bat umeak babesten dituena eta segurua dena. Entsegu klinikoak pasatu behar izan ditu, edozein medikamentuk baino askoz gehiago, osasuntsu dauden herritarrei ematen zaielako, eta gainera Amerikako Estatu Batuetan ari dira txertoa jartzen azaro hasieratik; bost milioi dosi baino gehiago jarri dira eta 21 egun bakarrik utzi dituzte bi dosien artean. Beraz, jada ari gara jasotzen hango datuak. Hangoak eta hemengoak marka bereko txertoak dira, dosi berak dira –10 mikrogramo, helduen dosia baino hiru aldiz gutxiago–, eta adin tarte berean ematen ari dira. 12 urtetik gorakoekin ikusi dugu, kutsatzeko hiru bider aukera gutxiago dituztela, eta ospitaleratuak izateko hamar bider aukera gutxiago. 

Herritarrek datu horien berri badutela uste duzu?

Uste dut informazio behar handia dugula, eta gurasoek ondo informatuta egon behar dutela erabaki bat edo beste hartu aurretik. Oso garrantzitsua da informazio iturri fidagarriak erabiltzea, egiaztatutako datuak eskaintzen dituztenak. Esaterako, Osakidetzak, Osasun Ministerioak eta Osasunaren Munduko Erakundeak egunero eguneratzen dituzte datu guztiak. Egiak eta erdi egiak bereizteko modu bat da iturri egokietara jotzea. Pediatriari buruzko informazioa, berriz, Euskal Herriko Pediatria Elkartearen webgunean eta Espainiako Pediatria Elkartean eskura daiteke.

Haurren osasun fisikoarekin batera, osasun emozionala aipatu behar da, ezta? 

Noski. Bi urte hauek kolpe latza izan dira denon osasun emozionalarentzat, baina, batez ere, umeen osasunarentzat. Horregatik ere bada garrantzitsua umeak txertatzea, bizitza ahalik normalena egiteko aukera izan dezaten.