Zesta-puntako errebantxa jokatuko dute igandean Aitzuri pilotalekuan

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 22a, 11:00

Gernikako Katedrala, pasa den larunbateko erronkan. Argazkia: Jai Alai News

Gernikan larunbatean jokatu zen erronkako lau pilotariak ariko dira Zumaian lehian; tartean, Lopez eta Goikoetxea. Zumaiako lau pilotarik jokatuko dute lehen partida.

Zaleek ez dute denbora asko zain egon beharko pasa den larunbatean Gernikan jokatu zen zestapunta erronkaren errebantxa ikusteko. Izan ere, datorren igandean, abenduaren 26an, jokatuko da bueltako jaialdia Zumaiako Aitzuri frontoian, 17:30etik aurrera.

Gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko erronka jokatu zen pasa den larunbatean Gernikako Katedralean. Gipuzkoarrak bi zumaiar izan ziren, Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez, bikotea osatuz. Aurrean, Aritz Erkiaga eta Unai Lekerikabeaskoa bizkaitarrak izan zituzten. Guztiak maila goreneko pilotariak izanik, Katedraleko harmailak bete zituzten ikuskizunaz gozatu nahi zuten jarraitzaileek.

Gipuzkoarrak ziren Gernikan jokatutako erronka eskuratzeko faboritoak, baina bizkaitarrek ez zeukaten gauzak erraz jartzeko asmorik. Lehen seta Erkiagak eta Lekerikak erdietsi zuten, erraz, 15-6 emaitzarekin. Bigarrengo setean Goikoetxea eta Lopez gogotsu atera ziren, eta tanto bakarragatik izan bazen ere, seta irabazi zuten (14-15). Berdinketa hausteko set laburra, baina, bizkaitarrek irabazi zuten 5-3 emaitzarekin. Ondorioz, horiek izan ziren erronkaren irabazleak.

Aurretik, eta lehendabizikoz pilota jaialdi profesional batean, emakumeen partida jokatu zen Gernikako frontoian. Munduko txapelketako finalaren errebantxa jokatu zen jaialdiko lehen partidan: batetik, Zumaiako Pilota Elkarteko kide Maite Ortiz de Mendibil eta Eneritz Lizardi munduko txapeldunak, eta bestetik Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal txapeldunordeak.

Azken horiek hobeto moldatu ziren Gernikako frontoi luzean; 57 metroko luzera du Gernikako Katedralak, eta emakumezko pilotariak ez daude ohituta hain frontoi luzean jokatzera. Partidako bi setak irabazi zituzten Arakistainek eta Aldazabalek: 10-15 eta 8-15.

Hiru anai

Zumaian igandean jokatuko den lehian larunbateko erronkako pilotariak izango dira, baina bikoteak aldatuta: Iñaki Osa Goikoetxea Lekerikarekin ariko da, eta Erkiagak Imanol Lopez izango du atzeko koadroetan.

Estelarraren aurretik, lau zumaiar aterako dira Aitzuri frontoira partida jokatzera. Hiru jokalari, gainera, anaiak dira: Cosme, Eduardo eta Gonzal Agirre, hain zuzen; Unai Uranga izango da jaialdian jokatuko duen laugarren herritarra. Norgehiagoka horretan, Eduardo eta Cosme Agirre, Gonzalo Agirre eta Unai Urangaren aurka ariko dira.

Igandeko jaialdirako sarrerak salgai daude dagoeneko Zumaiako Turismo Bulegoan, 10 euroan. Sarrerak erosterako orduan NA erakutsi beharko da. Egunean bertan frontoiko leihatilan ere salgai izango dira.

Kirol saio horretara sartzeko COVID-19 ziurtagiria eta NA erakutsi beharko dira. Eta beharrezkoa izango da jaialdian zehar maskara une oro jantzita edukitzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide