Aita Mari eraikinean haurreskola, eta sukalde eta jantoki berriak egiteko akordioa sinatu dute udalak eta jaurlaritzak

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 17a, 17:03
Ezkerretik eskubira: Antxon Etxeberria ZHEko zuzendaria, Uxua Sorazu jangelako arduraduna, Erika Cintero Guraso Elkarteko jangela batzordeko kidea, eta IƱaki Ostolaza Zumaiako alkatea. Argazkia: Zumaiako Udala

Haurreskola berria Aita Mari eraikinean kokatuta, 0-18 urte arteko hezkuntza publikoko eskola guztiak Aita Mari-Sagarbide eremuan bilduko direla nabarmendu du udalak.

Zumaiako Herri Eskolako Aita Mari eraikinean haurreskola berria kokatu, eta sukalde eta jantoki berriak egiteko hitzarmena sinatu dute udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Bi aldeak, hezkuntza komunitatearekin batera, espazioen banaketaren inguruko lanketa egiten ari direla adierazi du udalak.

Akordio hau agintaldi hasieratik martxan ipinitako lanen emaitza dela nabamendu du Maddi Aldalur hezkuntza zinegotziak. Gobernura iristean bi erronka nagusi jarri zituztela gaineratu du: “alde batetik, Guraso Elkartea aspalditik ari den lanketa eta eskakizunei jarraiki, jangelaren inguruko lanketa egitea, etorkizunean Herri Eskolako haurren bertan kozinatutako janaria bazkaldu dezaten, eta, bestetik, Arrangoletako behin behineko haurreskolaren egoera konpontzea”.

ZHEko zuzendari den Antxon Etxeberriarentzat “garrantzitsua da” sukalde eta jantoki berria egiteko erabakia: “hezkuntza komunitatetik bultzatutako ekimena da, Guraso Elkarteak mahai gaineratutako behar bat”. Gaur egun kanpotik prestatuta ekartzen dute janaria Zumaiako Herri Eskolara. Sukalde berriarekin, janaria bertan prestatu ahal izango da. Iñaki Ostolaza alkatearen esanetan, horrela jarraitu edo aldatzearen erabakia Guraso Elkarteari dagokio, baina “ikusita gero eta leku gehiagotan janaria bertan prestatzen hasi direla, helburua da horretarako beharrezko azpiegitura bermatuta uztea”. Hori horrela, egunen batean Guraso Elkarteak jantokiko zerbitzuan aldaketak egin nahiko balitu, prest izango lituzke horretarako baldintzak dituen sukaldea.

Etorkizunean pauso gehiago emateko oinarriak jartzen dituela ere uste du Etxeberriak. Hala, bestelako beharrak ere txertatuko dituzte espazioaren berrantolaketan, irakasle gelan eta zuzendaritzaren gelan irakasle taldeak eskatutako aldaketak, alegia.

Haurreskola berria 

Haurreskola berria Aita Mari eraikinean kokatzea ere planteatu dute. “Legealdi planean jaso genuen Arrangoletako behin behineko haurreskolaren egoera konpondu behar zela, azpiegitura egoki bat eskainita”, nabarmendu du Aldalurrek. Behin eragileekin bildu ondoren, eta alternatiba ezberdinak aztertu ondoren haurreskola berria Herri Eskolako Aita Mari eraikinean bertan egitea hobetsi zuten, "azpiegitura aldetik posible zelako eta gurasoei begira adin ezberdinetako seme-alabak eraikin berdinean izatea abantaila" dela iritzita. “Behin erabaki hori hartuta, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera jo genuen gure proposamena azaltzeko, eta hilabeteetako elkarrizketen ondoren, ontzat jo dute”, azaldu du.

Hezkuntza Sailarekin sinatutako akordio honekin eta Sagarbiden egingo den DBHko eraikin berriarekin, Iñaki Ostolazak uste du "Zumaian 0 urtetik 18 urtera arteko kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko azpiegiturak egokituko direla espazio berean, Aita Mari-Sagarbide espazioan, alegia". Horregatik, Zumaiari begira "estrategikotzat" jo du hitzarmen hau.