Eskualdeko intzidentzia tasa baxuena du Zumaiak

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 13a, 14:20

Ostegunaz geroztik 418 positibo baieztatu dituzte eskualdean. Urola Kostako herri guztietan atzeman dituzte kasuak, eta Azpeitian eta Zarautzen ehundik gora izan dira berriz ere. Zumaian 27 kasu detektatu dira lau eguneko epean.

Koronabirusaren bilakaerari buruzko txostena kaleratu berri du Eusko Jaurlaritzak, eta zenbaki potoloak dakartza oraingoak ere. Ostegunaz geroztik, Urola Kostako herri guztietan baieztatu dute positiboren bat, eta, orotara, 418 izan dira.

Zumaian 27 kasu izan dira pasa den ostegunetik hona. Zortzina kasu izan ziren ostegunean eta ostiralean, bederatzi larunbatean eta bi igandean. Datuak kezkagarriak izanda ere, eskualdeko herri handien artean —5.000 biztanletik gorakoak—, Zumaiak du intzidentzia tasarik baxuena: 915,84koa, hain justu.

Azken asteetakoaren ildotik, Azpeitian eta Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien; oraingoan Zarautzen gehiago, Azpeitian baino. Hain zuzen ere, lau egunean 121 positibo zenbatu dituzte Zarautzen, eta 115 Azpeitian. Kopuru horiek eragina izan dute 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasan, baina batean eta bestean ez modu berean. Zarauzko tasa 1.400,61etik 1.730,42ra igo da astebetean; Azpeitikoa, aldiz, 2.943,50etik 2.897,50era jaitsi da.

Beste herri batzuk ere ez dira atzean gelditzen. Azkoitian, 61 kasu baieztatu dituzte azken lau egunotan, eta joan den astelehenetik 250 puntu igo da intzidentzia tasa: 1.034,80tik 1.285,15era, hain zuzen. Eta igoera are handiagoa izan da Orion: lau egunean 42 positibo hautemanda, 1.826,48koa da hango tasa; duela astebete baino ia 500 puntu handiagoa —1.369,86—. 

5.000 biztanletik beherako zenbait herritako datuak ere ez dira batere lasaigarriak. Zestoan 23 positibo pilatu dituzte lau egunean, hamabi izan dituzte Getarian eta hamar Aian. Aizarnazabalen eta Beizaman hiru positibo atzeman dituzte, eta Errezilen bakarra.

Ospitaleetako presioa, gero eta handiagoa

Hego Euskal Herrian, Osakidetzak eta Osasunbideak koronabirusa atzemateko 14.508 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 1.884k eman zuten positibo; %13k hain zuzen. Ospitaleetan, seigarren olatua deitzen diotenaren eragina gero eta nabarmenagoa da. Duela astebete, COVID-19ak jotako 266 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 338 dira gaur. ZIUetan, berriz, 70 zeuden joan den astelehenean, eta 91 daude gaur. Hego Euskal Herrian, berriz, denera koronabirusak jotako 465 lagun daude ospitaleratuta; horietatik 113 ZIUetan.