Sahararren kanpalekuetara materiala eramango duen karabana Afrikan da dagoeneko

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 6a, 19:11

Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara materiala eramaten ari den karabana Afrikan da dagoeneko. Atzo heldu zen Aljeriara itsasontziz, eta egunean bertan ekin zioten bide luzeari.

Saharar herriarentzako asrropa eta bestelako materialez autoak bete, eta Gasteiztik abiatu zen pasa den ostegunean. Karabana atzo goizean heldu zen ferriz Aljeriara, Ghazaouet portura. Tramiteak espero baino mantsoagoak izan zirela diote karabanan parte hartzen ari den Peio Romatetek: "40 auto dira, 40 lagun, eta hemen gauzak mantso doaz".

Behin portua utzi eta gero, Aljeriako militarren zentro batera joan zirela dio Darahliko kolaboratzaileak. "Han gasoila eman ziguten, eta baita janaria ere". Atzo 16:00ak aldera ekin zioten bideari. Gogorra izan zela dio Peio Romatetek: "300 bat kilometro egin genituen gauez, ilara luze batean, eta bidean furgoneta bat edo beste matxuratu ere egin zen". Haien zain egon behar izaten zutela du gogoan. "Hogei minutu edo ordu erdi egiten genuen bidean, eta zain geratzen ginen". Gauerdian heldu ziren Mechria herrira. "300 bat kilometro egin genituen, baina eguna oso luze egin zen. Kilometro horiek egiteko egun osoa behar izan genuen".

Gaur goizeko 8:00etan atera da karabana. "Espero dugu eguna hobea izatea, oraindik milatik gora kilometro gelditzen zaizkigu eta Tindufera heltzeko".