Pala txapelketako finala jokatuko da larunbatean

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 1a, 11:32

Datorren larunbatean, hilaren 4an, jokatuko da pala txapelketa herrikoiko finala. Eguraldi onarekin Odietan jokatuko da; txarrarekin Herri Eskolako frontoian.

Pasa den astean jokatu ziren pala txapelketa herrikoiko finalerdiak. Lehen finalerdian, Salegik eta Aizpuruak 22-9 emaitzarekin irabazi zieten Zendoia eta Oskarbiri, eta bigarrengoan Gorostola aita-semeek 22-11 emaitzarekin Segurola-Segurola bikoteari.

Txapelketako azken partidak larunbat goizean jokatuko dira, 11:30etik aurrera. Lehenbizi, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Zendoia-Oskarbi eta Segurola-Segurola bikoteek. Jarraian, txapelaren bila lehiatuko dira Salegi-Aizpurua eta Gorostola-Gorostola bikoteak.

Enrike Mendizabali omenaldia

Orain aste batzuk zendu zen Enrike Mendizabal omenduko du Zumaiako Pilota Elkarteak. Pilotari eta, bereziki, palari Mendizabalek egindako ekarpena eskertu nahiko du Pilota Elkarteak omenaldi honen bidez.