Goiatz Labandibar, Aritz Mutiozabal eta Antton Peñalba saritu dituzte Julene Azpeitia ipuin lehiaketan

Iñigo Gaiton 2021ko aza. 30a, 18:55
2019ko sari banaketaren irudia.

Guztira 38 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, horietatik 6 zumaiarrek idatzitakoak. Ostegunean egingo da sari banaketa, 19:o0etan, Oxford aretoan, eta segidan, Fito Rodriguezek irakurraldi musikatua eskainiko du.

Zumaiako Udalak gaur eman du Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren 34. edizioan saritutako hiru idazleen berri. Hain zuzen ere, Goiatz Labandibar, Aritz Mutiozabal eta Antton Peñalbaren lanak nabarmendu ditu, Ana Urkizak, Castillo Suarezek eta Josu Waliñok eratutako epaimahaiak.

Udalak azaldu duenez, 38 lan aurkeztu dituzte aurten lehiaketara, "iaz baino nabarmen gutxiago". Horietatik guztietatik, 6 izan dira egile zumaiarrenak. Kopuru hori ez da aldatu, iaz ere sei lan aurkeztu baitzituzten zumaiarrek. "Herrian idazteko zaletasunak tinko dirau", nabarmendu dute.

Euskal Herri txoko desberdinetatik bidali dituzte lanak lehiaketara, eta sari handiena (3.000 euro) Goiatz Labandibarrentzat izan da, Alter Egoak ipuinari esker. Epaimahaik nabarmendu duenez, Labandibarrek lehen aldiz irabazi du lehiaketa. "Oso era garbi eta zuzenean idatzitako ipuin honek politikoki zuzena izateari kritika egiten dio".

Aritz Mutiozabalek irabazi du bigarren saria, Zerua itsaso zikin bat da lanarekin. Zarauztarrak 1.500 euro jasoko ditu."Egileak umore eta ironia handiz euskal mito ukiezin bati buelta ematen dio", egin du azpimarra du epaimahaiak.

Zumaiar onenaren saria, aldiz, Antton Peñalbari eman diote, Medicitarren abaroan lanagatik. Ipuineko pertsonaien deskribapenak "oso onak" direla erabaki du epaimahaiak, eta elkarrizketak "oso biziak".

Sari banaketa, ostegunean

Ipuin lehiaketaren sari banaketa hilaren 2an egingo da, ostegun honetan, 19:00etan Oxford aretoan. Segidan, Fito Rodriguez idazleak Literaturaren ihesbideak & ihesbidearen literaturak irakurraldi musikatua egingo du.