Izena eman daiteke Gerturen Gabonetako Erakusleiho Lehiaketan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 27a, 12:02
Iazko irabazleak.

Abenduaren 3a izango da izena emateko azken eguna. Parte hartzaileek hilaren 10erako prest eduki beharko dute erakusleihoko dekorazioa, eta abenduaren 26ra arte ezingo dute aldatu. 

Gabonen atarian, Gertu merkatarien elkarteak Erakusleiho Lehiaketa antolatu du beste urte batez, eta herriko establezimenduek dagoeneko izena eman dezakete. Horretarako, Gertu elkartera deitu daiteke (638 00 45 76), Whatsapp mezu bat bidali edota zumaiaelkartea@gmail.com helbidera mezu bat bidali.  Izena emateko azken eguna abenduaren 3a izango da.

Erakusleihoa abenduaren 10erako prest izan beharko dute lehiaketan parte hartuko duten dendek, eta ezingo dute dekorazioa aldatu abenduaren 26a baino lehenago. 

Lau lagunek osatuko dute epaimahaia, eta sari nagusiez gain, Facebook bidez boto gehien jasotzen dituenak eskuratuko du Herritarren Saria. Epaimahaiaren lehen saria eskuratzen duen dendak 300 euro irabaziko ditu; bigarren saria irabazten duenak 200 euro eta, Herritarren Saria eskuratzen duenak, berriz, 100 euro. Gainera, Facebooken bozkatzen duten herritar guztien artean 100 euroko erosketa bonu bat zozkatuko du elkarteak.

Interesa dutenentzat, hemen daude irakurgai lehiaketaren oinarriak.