Burujabetza teknologikoaren inguruko solasaldia, osorik ikusgai

Gorka Zabaleta 2021ko aza. 29a, 19:00

Oso azkar gertatzen ari den iraultza teknologiko baten erdian gaude eta ingurune digitalak gero eta pisu handiagoa hartu du gure egunerokoan.

Interneteko sarera konektatutako mundu batean bizi gara, baina ekonomia digitalaren atzean dauden enpresa erraldoien estrategiez eta interesez ez gara jabetzen, eskaintzen diguten ingurune digitala neutroa dela sinestarazi digutelako. Doako erreminta digital liluragarriak gure burujabetzaren truke. Sare sozialak, aplikazioak eta uneoro Internetera konektatutako hamaika gailu, Googleri edota Facebooki gure egunerokoan egiten dugun ekintza oro behatzeko eta erregistratzeko eskubidea ematearen ordainetan. Gure ezjakintasunaz baliatzen dira, gutaz dena jakiteko. Ispiluaren bestaldetik begira daukagu orakulua.

Eta berdin edo okerrago gertatzen ari da erakundeekin. Ezjakintasunagatik edo estrategia propio ezagatik, behin eta berriro bideratzen gaituzte erraldoi teknologikoen atzaparretara. Etsigarria da ikustea nola ari diren erakunde publikoak sistematikoki Instagram, Facebook edo Google-ren erabilera sustatzen, adibidez, enpresa txikiak ingurune digitalean ahalduntzeko estrategietan; edo nola bultzatzen dituzten herritarrak Facebooken edo Twitterren kontu bat zabaltzera informazioa edo zerbitzuak jasotzeko. Ez gara jabetzen, ez dira jabetzen, estrategia akritiko horrek erraldoi teknologikoen menpekoago bihurtzen gaituela.

Alternatibak eraikitzea ez da erraza, baina jarrera kritikoa piztea da lehen urratsa. Gutxienez, jakin dezagun zer dagoen jokoan. Helburu horrekin antolatu du Baleike Kultur Elkarteak burujabetza teknologikoaren inguruko hitzaldia, herrian bertan dauzkagun lau adituren eskutik. Azaroaren 24ko saioan esandako ideia nagusiak jaso ditugu ondorengo lerroetan.

Josu Fernandez de Arroiabe

Burujabetza teknologikoaren garrantzia hezkuntzan

Ikasketaz ingeniari informatikoa da Josu Fernandez de Arroiabe, baina ederki ezagutzen du hezkuntza mundua, lanbide heziketan ari baita lanean, Donostiako Zubiri Manteo ikastetxean. Teknologia digitalak irakaskuntzan integratzeko garaian, estrategia propioaren falta sumatzen du. Estrategiarik egon ez denez, erraldoi teknologiak jabetu dira hezkuntzaren esparruaz. Eskoletako digitalizazio prozesua nola izan den horrela laburbildu du: “Duela 20-30 urte hezkuntza sistematik pasa ginenok Microsoft erabiltzen ikasi genuen, dena erdaraz eta, eskola amaitzean, bide horri alternatibak bilatzeko inolako jarrerarik gabe. Azken hamarkadan konpetentzia sortu zaio Microsofti, Google sartu da indar handiz, Google Suite for education erreminta sistema osoa eskainiz. Ikastetxeentzat oso eskaintza tentagarria da, dena baita Googleren kontura, eta nabigatzailea nahikoa da erreminta guztiak erabili ahal izateko. Azken urratsean, 12 urtetik gorako ikasle guztiei ordenagailu bana ziurtatu die hezkuntza sistemak, baina hor ere Googlek berea sartu du, Chromebook izenekoa, bere erremintekin eta sistema itxiarekin”.

Bide horretatik multinazionalen esku dago hezkuntza, horrek dituen arriskuekin eta ondorio kaltegarriekin. Batzuk azpimarratu ditu Fernandez de Arroiabek: “Pribatutasunari dagokionez, datuak dira enpresa handi horien petrolioa. Negozioa ikusi dute hezkuntzan. Chromebookarekin, adibidez, gure ikasleen datuak biltzen ari da Google. Enpresa handi horiekiko menpekotasuna sortzen du eta gizartean eragiteko indar handia dute, ez dira teknologia neutralak. Gaitasun digitala mugatzen dute, kontzientzia behar da zer beste aukerarik badagoen jakiteko. Euskarak ere ez du lehentasunezko lekurik erreminta horietan eta, nola jokatuko dute gazteek eskolatik ateratzen direnean? Mobila, nabigatzailea edota ordenagailua euskaraz konfiguratuko dute? Azkenik, zaharkitze programatua izaten dute gailu horiek. Chromebookaren sistema eragileak, adibidez, bost urteko bizitza dauka, eta ezin zaio beste sistema bat ezarri”.

Horren guztiaren aurrean, han-hemenka software librearen bidetik sortu diren esperientziak aipatu ditu Fernandez de Arroiabek. “Alternatibak badaude, baina ardura nagusia erakunde publikoek dute. Kontzientzia falta handia dago, estrategia bat  behar da. Noski, software librearekin dena zeuk eraiki behar duzu; Microsoftek edo Google dena egina ematen dizute”. Baina zeren ordainetan?

Olatz Arregi

Adimen artifizialak badaki euskaraz?

Adimen artifizialak hizkuntzen esparruan zer aukera eskaintzen dituen ikertzen dihardu Olatz Arregi informatika doktorea, batik bat, teknologia berri hauek eskaintzen dituzten aukerak euskarak ere balia ditzan.

Makinek giza adimena imitatzeko duten gaitasunari deitzen zaio adimen artifiziala. Datu bolumen handiak eskainiz gero, makinak gai dira kontzeptuak bereizten ikasteko, irudi batean etxe bat edo txakur bat ageri den bereizteko, xake partida bat jokatzeko, hizkuntzak ulertzeko eta itzultzeko edo kalkulu matematiko konplexuenak istant batean egiteko. Teknologia hauek hizkuntzen eremura aplikatuta, dagoeneko ohikoak dira testu zuzentzaileak, hiztegi automatikoak, itzultzaileak, transkripzio automatikoak eta antzeko zerbitzuak. Oso garatuta daude munduko hizkuntza nagusietan, pixka bat atzerago euskararen kasuan.

Zer behar da aurrerapen teknologiko horiek guztiak euskararentzat ere garatzeko? Arregik lau oinarri nabarmendu ditu: “Hasteko, euskarazko testuak eta audioak; eduki egokia eta zuzena behar du izan, emandakotik ikasten baitute makinek. Datuak ez badira onak, emaitza ere halakoa izango da, eta gero oso zaila da hori zuzentzea. Horrez gain, behar dira adituak, eta behar dira bertako enpresak tresna horiek garatzeko gai direnak. Erraldoi teknologikoek ez dute lan hori egingo, euskara txikiegia da errentagarritasun ekonomikoaren ikuspegitik. Eta behar da konputazio ahalmen handia, datu bolumen handi horiek prozesatzeko tresnak”. Eta zer falta zaigu lanak behar bezala egin ahal izateko? “Adituak eta enpresak badauzkagu, eta zenbait tresna garatu dituzte azken urteotan, itzultzaile automatikoa, esate baterako. Baina enpresa handien atzetik goaz, eta arriskua da haurrak txikitatik erdaraz ohitzen direla teknologiarekin. Gailuei erdaraz hitz egin behar zaie, oraindik euskara ez dutelako ulertzen. Ezinbestekoa da inbertsio handiak egitea aurrerapausoak egin ahal izateko. Gaztelaniarentzat, adibidez, 600 milioi euroko inbertsioa egingo dute bi urtean; katalanarentzat 13,5 milioi euro aurreikusi dituzte lau urtean; galizierarentzat 15,5 milioi euro; euskara maila apalagoan dabil, oraingoz”.

Beraz, inbertsioak behar ditu euskarak hizkuntza teknologien trena galduko ez badu. Eta ezinbestekoa da tresna horiek geuk sortzea, Euskal Herrian. “Euskara biziko bada tresna hauek behar ditugu, horrekin nahikoa izan ez arren”, osatu du Arregik.

Igor Unanue

Datuen pribatutasuna eta segurtasuna Interneten

S21sec zibersegurtasun enpresako fundatzaileetako bat da Igor Unanue. “Gaur egun tresna digital asko erabiltzen ditugu, baina ez dakigu oso ondo zer arrisku dauden”. Ziberkrimena negozio izugarria bihurtu da, 6.000 milioi dolarreko kalteak eragingo ditu aurten, eta erasorako gero eta bide gehiago dituzte ingurune guztia Internetera konektatzen ari den neurrian. Erasoak etengabeak dira, maila guztietan. “Enpresa handiek galera handiak paira ditzakete. Adibidez, Acer enpresak (ordenagailuak-eta egiten dituzte) 50 milioi euroko erreskatea ordaindu behar izan zuen, Revil hacker taldeak ransomware motako eraso baten bitartez bere sisteman sartu, datu guztiak zifratu eta enpresaren informazioa bahitu ziolako”.

Enpresak eta erakundeak ez dira jomugan dauden bakarrak. Norbanakoentzat ere hamaika arrisku daude ingurune digitalean. Adibidea eman du Unanuek: “Anubis izena duen birus troianoa da kasuetako bat. Android mugikorretan instalatzen da. Guk pentsa dezakegu Bankia, Antispam edo Bitcoin aplikazioa deskargatzen ari garela, itxuraz hala delako, baina deskargatzeko momentuan web orrialde batetik egiten du, eta ez Googlek daukan aplikazioen dendatik. Hor dago aldea. Behin deskargatuta, gure mobilaren kontrola hartzen du”.

Erasoak milaka aurpegi izan ditzakeenez, erabiltzaile arruntentzat zenbait aholku dauzka Unanuek, arriskuak mugatzeko. “Posta elektronikoari dagokionez, ez bidali datu pertsonalik, ez erantzun inoiz kreditu txartelaren datuak, pasahitzak eta horrelako datuak eskatzen dizkigutenean. Mezuaren igorlea susmagarria bada, bidali spam karpetara eta aurrerantzean hara joango da automatikoki. Interneten nabigatzerakoan, ez fidatu ezezaguna zaizun webguneaz, ez sartu legea urratzen duten webguneetan, eta ez deskargatu, instalatu edo exekutatu software susmagarririk. Erne pelikulak-eta doan deskargatzeko aukera ematen duten guneekin, hortik programa kaltegarriak sar daitezke gure ordenagailura eta gure informazio pribatua eta datu konfidentzialak lapurtu. Pasahitzen kasuan, aldiro-aldiro aldatu, eta ez errepikatu leku guztietan pasahitza berbera. Interneten badaude leku seguruak pasahitza guztiak gordetzeko; nahikoa da gune horretara sartzeko behar duzun pasahitza gogoratzearekin, beste guztiak han dauzkazu. Pasahitza lapurtzeko zaila izan dadin, komeni da gutxienez zortzi hizki izatea, handiak eta txikiak, eta tartean zenbakiak eta bestelako karaktere bereziak. Saihestu behar da hiztegiko hitz bat izatea, eta oso aukera ona da esaldiak egitea. Adibidez, “ez da erraza Asmatzen”, gogoratzeko erraza eta makinentzat asmatzeko oso zaila, esaldi bat delako. Azkenik, kontuz wifi sare publikoekin, pasahitzik eskatzen ez denetan errazagoa delako norbaitek zure datu pribatuak ikustea. Eta mugikorretan, erne jaisten ditugun aplikazioekin, erabili beti denda ofizialak”.

Josu Waliño

Txikitik handira: Zumaia eta burujabetza teknologikoa

Puntueus Fundazioko zuzendari Josu Waliñoren iritziz, estrategia digitala falta zaigu burujabetza teknologikoan urratsak egiteko. “Ingurune digitalean bizi gara, teknologia digitalaz inguratuta gaude. Edozein tokitan adimen artifiziala dago, gure datuak jasotzen ari dira eta segurtasun arazoak daude. Baina segundoro sortzen diren milioika datu eta mezu horietatik zenbat dira euskaraz? Gu ez gara inor, ez gara negozio ekonomia digitala kontrolatzen duten multinazionalentzat”. Gaur egun euskarak ingurune digitalean bizi duen egoeraren erradiografia azkarra egin du Waliñok: “Munduko hizkuntzen % 5 baino ez da erabiltzen Interneten eta euskara multzo horretan dago, hori egia da. Hortik kanpo dauden hizkuntzak heriotzara kondenatuta daudela dio Andras Kornai adituak. Baina horrek ez du esan nahi euskara ingurune digitalean indartsu dagoenik. Euskal hiztun gehienok nabigatzailea, mugikorra edota ordenagailua erdaraz dauzkagu konfiguratuta. Eskoletako Chromebook ordenagailuak erdaraz daude. Netlixek hiru pelikula baino ez ditu euskaraz...”.

Hala ere, ezintasunak ezintasun, txikitik handira urratsak egin daitezkeela adierazi nahi du Waliñok, eta hiru adibide jarri ditu. “Puntueus domeinua da adibide bat. Euskarari egiten dio erreferentzia zuzena. Gizartearen eraldaketa digitalean euskaratik eragitea da Puntueusen xedea, eta zure nortasuna ingurune digitalean zabaldu eta zaintzen duen domeinua da Puntueus. Beste adibide bat, Zumaiara etorrita, zuntz optikoaren sare publikoa da. Galdetzen didatenean merezi ote duen, nik erantzuten dut ez dela prezio kontua, zerikusi zuzenagoa duela burujabetza teknologikoarekin. Esate baterako, datuen pribatutasuna bermatzearekin, ez dagoelako multinazional baten esku. Sarearen neutraltasuna ere oso garrantzitsua da, operadore pribatuek erabaki dezaketelako bezeroaren profilaren arabera zerbitzu eskasagoa edo hobea eskaintzea, AEBetan gertatu den bezala. Aberatsentzat Internet azkarragoa, pobreentzat Internet motelagoa. Eta garrantzitsua da azpiegitura propioa izatea denoi bermatzeko Interneterako sarbidea. Eta azken adibidea, norbanakoraino iritsita, gure hautua da mugikorra euskaraz jartzea, mugikorren % 80 euskaraz jar daitekeelako. Lehen Hitza izeneko aplikazioarekin oso erraz egin daiteke eta horrela mezu bat bidaliko diogu Googleri, euskara ere badela hemen”.