Neguko kirol ikastaroetarako izen-emate epea astelehenean zabalduko da

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 26a, 12:00

Urtarrilaren 10ean hasiko dira neguko kirol ikastaroak. Kirol jarduera hauetarako izen-ematea datorren astelehenean, hilaren 29an, zabalduko da Lubaki kiroldegian.

Zumaiako kirol patronatuak prestatu du neguko sasoiko kirol jardueren eskaintza. Gazte zein helduei zuzendutako ikastaroak prestatu ditu, eta dagoeneko ohikoak diren jardueratan aritzeko aukera izango dute herritarrek: pilates, cycling, TRX, Zumba edo igeriketa, esaterako.

Haur eta haurtxoei zuzendutako igeriketa taldeetan bai, hor izango dira aldaketak. Batetik, haurrein igeriketa taldeak iraunkorrak izango dira, eta izena ematen duten haurrak talde berean arituko dira ikastaroa hasten denetik bukatzen den arte. Kirol patronatuak azaldu duenez, bi arrazoi nagusi daude horretarako: "alde batetik, talde aldaketarekin bestelako jarduerekin ordutegiak moldatzeko gurasoek izan ohi dituzten arazoak; eta bestetik, haurrak taldean egonkortu eta gero taldea aldatzea saihestea".

Besterik, haur eta haurtxoen igeriketarekin jarraituta, Itsas izar taldea sortuko dute, urari beldurra dioten edo igerian ez dakiten 3-4 urteko haurrentzako. Talde honetako haurrek irakaslearekin egokitzapen-prozesua izango dute, eta gurasoak bertan egon ahal izango dira prozesu horretan. Gurasoak haurrarekin eta irakaslearekin batera uretan sartuko dira hasieran, eta pixkanaka, haur bakoitzaren prozesua kontutan hartuta, gurasoen partehartzea txikitzen eta urruntzen joango da.

Neguko ikastaroak urtarrilaren 10ean hasiko dira, denak batera. Datorren astelehenean, azaroaren zabalduko da izen-emate epea Lubaki kiroldegian, goizeko 6:30etik aurrera.