Bost udalerrik bat egin dute Zumaian eskola kirol egokitua martxan jartzeko

Ane Olaizola 2021ko aza. 20a, 13:52

Aizarnazabal, Zestoa, Zumaia, Deba eta Itziar batu dira eskualde izaera izango duen egitasmora.  Aniztasun funtzionala duten LHko eta DBHko haur eta nerabeek parte hartu ahal izango dute.

2022a hastearekin batera, egokitzapena behar duten umeentzako eskola kirola jarriko dute martxan Urola Kostako mendebaldeko hainbat udalerritan, eta proiektuaren berri eman dute aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko, Aizarnazabalgo, Zestoako, Zumaiako, Itziarko eta Debako udaletako ordezkariek; izan ere, bost udalerri horietan abiatuko dute egitasmoa.

Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak jakinarazi zuenez, Gipuzkoan hamar pertsonatik batek du ezgaitasun ziurtagiria, eta hain zuzen, aniztasun funtzionala duten haurrek eta gazteek "kalitatezko" eskola kirola egiteko eskubidea bermatuta izan dezaten egin dute bat udalek, aldundiak eta federazioak. Gainera, "eskualde izaera" eman diote egitasmoari: "Udalerri txiki eta ertainetan ezgaitasuna duten haur eta gazteen premiei erantzun ahal izateko elkartu gara, eta gure helburua da guztiek izatea eskola kirolerako aukera", adierazi zuen Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak. Izan ere, haren hitzetan, kolektibo hori bi aldiz da kaltetua: "Desgaitasuna edukitzeagatik kaltetua izateaz gain, landa eremuetan edo herri txikietan daudelako ere badira". Egitasmoarekin, beraz, bi egoera horiei aurre egin nahi diete.

Izen ematea, zabalik

Amaia Elizondo federazioko ordezkariak ere ildo beretik hitz egin zuen, eta adierazi zuen egokitzapena behar duten umeek eskola kirola egiteko eskubidea urratuta izan dutela, eta behar hori asetzeko abiatu dutela egitasmoa. LHn eta DBHn dabiltzan umeei zuzendu diete eskaintza, eta horiek astean bi saio egingo dituzte, Zumaian. Saio bat lehorrean izango da, eta bestea, igerilekuan. Datozen astean egongo da zabalik izen ematea, eta interesa duenak tokian tokiko eskoletan eta kiroldegietan egin dezake. Proiektuaren inguruko informazio gehiagorako, berriz, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren telefono zenbakira deitu dezakete (943-46 25 14).

Arantxa Egaña Itziarko alkateak, bere aldetik, aurkezpenean adierazi zuen "gogotsu eta pozik" dagoela proiektuan parte hartzeko aukera izan dutelako. Izan ere, Itziar zein Deba Debabarrena eskualdean daude, baina Egañak azpimarratu zuen egunerokoan "lotura" dutela Urola Kostako hainbat udalerri- rekin: "Finean, errealitate berdintsua eta harreman naturalak ditugu Urolarekin". Bestalde, Libana Taboada Aldundiko Kirol teknikariak adierazi zuen dagoeneko Gipuzkoako hamabost herritan eskain- tzen dela eskola kirol egokitua, eta guztira, 200 lagun ari direla parte hartzen. "Jarduera fisikoaren bitartez, gizarte inklusioari lehentasuna ematea zer garrantzitsua den azpimarratu nahi dugu". Urola Kosta mendebaldean abiatuko duten egitasmoa, berriz, "arrakastatsua" izatea esero dute antolatzaileek, eta han parte hartzera animatu dituzte familiak.

Federazioak eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartuko duten udalerriei, aspalditik datorren eskaera errealitate bihurtuko dutelako.