Pantailen erabilerak umeengan duen eraginaz arituko dira larunbatean

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 16a, 19:00

Hik Hasik antolatutako ‘Pantailak 0-6an zertarako?’ jardunaldiak egingo dira larunbatean Zumaienako aretoan. Hiru hitzaldi izango dira, eta esperientzia batzuk ere partekatuko dituzte.

Hik Hasi egitasmoak antolatutako jardunaldia egingo da datorren larunbatean Zumaiena Ikastetxean, Pantailak 0-6an zertarako? izenburupean. Adin tarte horretako haurren hezitzaileei zuzendutako topaketa izango da, eta hiru hitzaldiz osa. 

0 eta 6 urte bitarteko haurrek pantailekin duten harreman goiztiarrak hezitzaileen artean sortzen duen kezkaren jakitun antolatu ditu Hik Hasik jardunaldi hauek. Azaroaren 19an Barakaldoko BECeko auditoriumean egingo da, eta egun bat geroago, hilaren 20an, Zumaienan. 

"Ez da gaur sortu den gaia,  baina abiada handia hartu du; ez da gai erraza, baina guk Hik Hasitik garrantzi handia duen gai baten moduan ikusten dugu", adierazi zuen Hik Hasiko formazio arduradun Mikel Agirrezabalak atzo egindako agerraldian. "Hezitzaile eta profesional ezberdinek beren egonezina eta beharra adierazi digute gai hau lantzeko, eta horretara goaz ostiralean Barakaldon eta larunbatean Zumaian. Gure helburua, gaiaren inguruko informazioa eman, hausnartu eta gogoeta sortzea izango da. Hik Hasi topaketarako eta hausnartzeko hezkuntza eragile moduan sortu zen eta gai garrantzitsu honekin ere hori du helburu". Elkarteak urteak daramatza Haur Hezkuntzari begira jardunaldiak antolatzen Bizkaian eta Gipuzkoan.

Hiru hitzaldi

Hiru hitzaldik osatuko dute larunbateko topaketa. Lehen hitzaldia  Anna Ramis kataluiniarrak eskainiko du. Hezitzailea, pedagogoa eta pantailekiko mendekotasun goiztiarrean aditua da Ramis. 0tik 3ra, pantailarik ez? liburuaren egilea da, eta horren inguruko ekimena ere sortu zuen. Berak emango du lehen hitzaldia, Zer zentzu dute pantailek Haur Hezkuntzan? izenburupean.

Bigarren hitzaldia Alvaro Beñaranena izango da. Pedagogia Terapeutikoan lizentziatua eta ASEFOPeko prestatzailea eta  lehendakaria da. Bere hitzaldiak 0-6 urteko haurrek badituzte baliabide psikiko egokiak pantailen aurrean aritzeko eta hor jasotzen dutena kudeatzeko? izenburua du.

Hirugarren hitzaldia Amaia Arroyo Sagasta Komunikazioan eta Hezkuntzan doktoreak eta teknologia digitaletan  espezializatutako Hezkuntza Bereziko irakasleak emango du, Pantailak 0-6 adin tartean: gidaritza digitalaren beharra  azalarazten izenburupean.

Bi esperientzia ere partekatuko dira Zumaienako topaketan. Lehena Axular Lizeoaren eskutik etorriko da; bigarrena, berriz, Ipar Euskal Herriko hamabi ikastetxek 10 egunez pantailak utzi izeneko erronkaren ingurukoa izango da.

Jardunaldian zehar galderak eta hausnarketak partekatzeko aukera izango da eta hitzaldiak etxetik jarraitzeko aukera ere eskainiko dute pandemia egoera honetan. Topaketa hauetan Euskal Herri osoko sare desberdinetako eta esperientzia anitzeko irakasleak elkartuko dira larunbatean Zumaian, antolatzaileek nabarmendu dutenez. "Erreferentzia garrantzitsu bihurtuko da herria irakasleentzako eta honen garrantzia nabarmenduko nahi dugu; hori posible izango da Zumaiako Udalari eta Zumaiena ikastetxeari esker".

Izen-ematea oraindik zabalik dago www.hikhasi.eus webgunean. Zumaiako hezitzaileek doan eman ahal izango dute izena, antolatzaileek azaldu dutenez.