Burujabetza teknologikoaren inguruan arituko dira lau herritar hilaren 24an

Maria Maya Manterola 2021ko aza. 16a, 14:00

Burujabetza teknologikoaren esparruan proiektu ugari sortu da Zumaian. Horiek herritarrei gerturatzea izango da asmoa, eta horretarako, hizketaldi labur bana eskaniko dute lau adituk. Hilaren 24an izango da, Alondegiko Oxford aretoan, 19:00etan hasita. 

Zumaia aitzindari ari da izaten Euskal Herrian burujabetza teknologikoaren esparruan. Azken hilabeteotan proiektu ugari sortu da herri mailan, eta ekimen horiek herritarrei gerturatzeko asmoz, gaiaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Baleike Kultur Elkarteak Zumaiako Udalaren laguntzarekin. 

Herritarrei zuzendutako ekimen dibulgatiboa izango da, eta herriko adituek burujabetza teknologikoak duen garrantzia nabarmendu eta Zumaian sortzen ari diren aukerak testuinguru horretan kokatuko dituzte. Hizketaldi labur bana eskainiko dute Josu Fernandez de Arroiabek, Olatz Arregik, Igor Unanuek eta Josu Waliñok. 

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak egingo du jardunaldiei hasiera emateko hitzartzea, eta gero hartuko dute hitza adituek. Olatz Arregi EHUko Informatika fakultateko irakaslea eta IXA taldeko kideak adimen artifizialaren esparruan euskarak dituen erronkak izango ditu mintzagai. Eguneroko bizimoduan gero eta garrantzia handiagoa hartu dute hizkuntza darabilten aplikazioek eta tresnek. Halako aplikazioetan euskara ingelesaren edo gaztelanian pare jartzeko egin daitekeenaz arituko da Arregi, besteak beste. 

Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendaria txikitasunetik enpresa handien jardunean eragiteko dagoen gaitasunaz arituko da. Burujabetza teknologikoa norbanakoen eta komunitate txikien askatasuna sarean zaindu eta bideratzeko beharrezkoa dela kontuan izanik, zumaiarrak bide horretan aitzindari direla azalduko du. 

CTO eta S21sec-en sortzaileetako bat da Igor Unanue. Datuen pribatutasuna eta segurtasuna izango ditu hizketagai hark: erasoek gora egin dute azken aldian, eta interneten erabilpenean neurriak hartzea beharrezkoa da, Unanueren arabera. Pribatutasunaren garrantziaz arituko da. 

Zubiri-Manteo Ikastetxeko IKT ikasgaieko irakaslea da Josu Fernandez de Arroiabe. Burujabetza teknologikoak hezkuntzan duen garrantzia nabarmenduko du, gaur egungo haurrak eta gazteak gizarte digitalizatu batean bizi diren heinean. 

Baleike.eus-en ere bai, streaming bidez

Ekitaldia azaroaren 24an izango da, asteazkena, 19:00etatik 20:30ak bitarte, Alondegiko Oxford aretoan. Bertaratu ezin dutenek, jardunaldiak etxetik zuzenean jarraitzeko aukera ere izango dute, streaming bidez eskainiko baitu Baleike.eus atariak. Bideoaren grabazioa ere argitaratuko da ondoren.