Narrondo ibai ertzeko barandetan saretak jartzeko eskatu dio Eguzkik Zumaiako Udalari

Maria Maya Manterola 2021ko aza. 11a, 09:00

Erakunde Ekologistaren hitzetan, garrantzitsua da "horrelako neurri ekologikoak hartzea", nahiz eta "hondakin onena sortzen ez dena izan". Ibai ertzeko barandetan saretak jarri dituzten beste zenbait herri aipatu dituzte, tartean, Azpeitia.

Txomin Agirretik Sagarbideko zubira arteko barandetako beheko partean saretak jartzeko eskatu dio Eguzki Erakunde Ekologistak Zumaiako Udalari. Eguzkiren arabera, sareta horiek hainbat hondakin uretara erortzea eragotziko lukete. 

“Batzuetan nahi gabe edo istripuz erortzen zaizkigulako baina gehienetan hondakinak lurrera inolako lotsarik gabe botatzeko ohitura gure artean oraindik oso sustraituta dagoelako, hondakin asko dira, haizeak bultzatuta edo, ibaiko uretan eta azkenean itsasoan bukatzen dutenak”, azaldu dute. Beste hainbat herritan saretak ezarri dituztela gaineratu dute: “Babes-sareta horiek gaur egun Zestoako industrialde batean daude. Zumarraga, Urretxu, Azkoitia eta Azpeitiko hiriguneetan. Azpeitiko kasua nabarmendu behar dugu; 2.500 metro sareta jarrita daude dagoeneko”. 

Ibaien eta kostaren mesedetan “horrelako neurri ekologikoak hartzea” garrantzitsua da, Eguzkiko kideen hitzetan. Dena den, “hondakinik onena sortzen ez dena” dela esanaz amaitu dute: “Zenbat eta hondakin gutxiago sortu, gero eta ingurumen inpaktu txikiagoa”.