[GUTUNA] Guk, gurea eta guretzat

Markel PeƱalba 2021ko aza. 8a, 19:00

Laino artean bizitzera hain ohituta gauden lurralde honetan, eguzkiak badu berezia den zerbait, energia berezi bat, aparteko botere bat jendearen umorea aldatu eta aurpegietan zoriontasunaren zimurrak marrazteko. Pentsa, begiak itxi eta paradisuko lekuren batera bidaiatzeko eskatzen digutenero, eguzkia beti egon ohi da paradisu horretako zeruan.

Inork aipatu nahi ez duen birus ñimiño horren azken hatsa gerturatzen dela dirudien honetan, azken hilabeteetan bigarren planoan utzia genuen klima larrialdiaren mamua azaleratu da berriz. Mundua pausen egon ondoren, ondorioak gordinduta iritsi da gainera.

Besteak beste, energiaren trantsizio azkar eta drastikoa burutu beharko dugu hurrengo hamarkada gutxitan eta horrek sakoneko aldaketak ekarriko ditu nahitaez. Eta ez energia iturrietan bakarrik, sistema energetikoaren plano guztietan baizik: energiaren sorkuntza, banaketa eta, batez ere, kontsumo ereduetan. Erregai fosilak baztertu eta berriztagarrien aldeko apustu irmoa erakundeek ez ezik, herritarrok ere egin beharko dugu, kontsumitzaile huts izateari utzi eta produktore ere bihurtzeko. Produkzio eta kontsumo jasangarri eta justuak exigitzen dituen prosumitzaile bihurtuko gara berandu baino lehen.

Bide horretan pausu garrantzitsu bezain interesgarria da Zumaian sortu berri den Egutera herri kooperatiba. Herritarroi eguzki panel fotovoltaikoz osatutako 1 MWko energia zentralaren jabe izatea ahalbideratuko digu, herrian bertan, herritarrok eta herritarrontzat eraikiko dugun zentral berriztagarria. Guk, gurean eta guretzat.

Ekimen honen helburu printzipala energia berriztagarrien bidez ingurumena babestea bada ere, egitura kooperatiboak bazkideentzat eta herriarentzat onura ekonomiko zein sozial nabarmenak ere eskainiko dizkigu. Besteak beste, hauek:

Energia berriztagarrien bidez berotegi efektuko gas (BEG) isuriak gutxitzea lortuko dugu (urtean 600 tona CO2 inguru Eguteraren kasuan 1) eta horrela gure aztarna ekologikoa murriztuko dugu;

Energia produkzio eta kontsumo guneak gerturatuz, energia galerak murriztea eta energia efizientzia handitzea lortuko dugu, kosteak murriztuz eta BEGen isuria are gehiago murriztuz;

Bazkideon elektrizitate fakturen merkatze esanguratsua lortuko dugu, gaur egungo merkatuko prezio aldakorretatik ihes egitea ahalbideratuz;

Bazkideok kooperatibaren estrategia erabakitzeko ahalmena izango dugu uneoro, besteak beste, kooperatibaren irabaziak nola berrinbertitu erabakitzeko gure komunitatean ahalik eta inpaktu haundiena izan dezaten;

Herrian bertan kalitatezko lanpostu berriak sortzea ahalbideratuko dugu, eguzki zentralaren operazio eta mantenuaz arduratuko diren langileenak, alegia;

Beraz, etorkizun hobeago baten sustatzaile izateko aukera paregabea daukagu aurrez aurre, erakunde publikoen babes eta konpromezuarekin (Zumaiako Udala eta Energiaren Euskal Erakundea, batez ere). Gainera, momentuko kontestu politikoa ere alde dugu, Europako Next Generation funtsek kooperatiban sartzeko hasierako kuota murriztea ahalbideratuko baitute, partehartzea herritar guztion eskura jarriz. 1 Instalatutako kW fotovoltaiko bakoitzeko 12.5 tona CO2 aurrezten direla kontuan hartuta.

Aprobetxa dezagun, beraz, eguzkiak ematen digun boterea guk, gurean eta guretzat izango den energia sortu eta herritarrengan zoriontasun zimurrak marrazten jarraitzeko.