Neguko aldia sartu da indarrean aparkalekuak arautzeko sisteman

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 7a, 16:50

Larunbean sartu zen indarrean herriko aparkalekuak arautzeko sistemaren neguko aldia. Horren arabera, Zumaian aparkatzea libre izango da 2022ko martxoaren 14ra arte, errotazio handiko gune batzuetan izan ezik. 

Pasa den udaberrian sartu zen indarrean Zumaiako aparkalekuak arautzeko TAO sistema. Urtea hiru alditan banatzen du sistema honek: udaldia, udaberria eta udazkena, eta negua. Atzotik, neguko aldia da indarrean aparkalekuei dagokionez. Honen arabera, Zumaian aparkatzea libre izango da lau errotazio gunetan izan ezik.

Azaroaren 6tik 2022ko martxoaren 14ra bitartean errotazio handiko lau gune hauek izango dira martxan Zumaian:

  • Txomin Agirre kaiko A gunea (Moilaberriko zubitik Pulpo aurreraino)
  • Amaiako Plaza
  • Osasun Zentroa (08:00etatik 17:00etara)
  • Foruen Plaza (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara; larunbatetan, 08:00etatik 12:30era)

Goizeko 10:00etatik 20:00etara arte izango dira indarrean errotazio handiko gune hauek. 

Neguko aldian Txomin Agirre kaiko B1 gunea (Zuloaga plaza pareko gunea) ez da indarrean egongo.

TAO sistema dela eta, herritarren ekarpenak jasotzeko asmoa erakutsi du Zumaiako Udalak. Zumaiarrek azaroaren 9ra arte izango dute zumaia.eus webgunearen bidez ekarpenak egiteko aukera.