Kauldi Odriozola zumaiarrak ez du Bidasoan jarraituko datorren denboraldian

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 4a, 15:00

Kauldi Odriozola eskubaloi jokalari zumaiarrak Bidasoa kluba utziko duela iragarri dute gaur. Zer taldetara joango den ez du oraindik iragarri Odriozolak, baina badirudi atzerrira joango dela behin 2021-2022 denboraldia amaitzen denean.

Kauldi Odriozola Yeregui Bidasoa Iruneko jokalariak taldea utziko du denboraldi honen amaieran, atzerriko talde batek bere klausula ordaindu duela jakinarazi ondoren. Behin denboraldia amaitzen denean utziko du Irungo taldea.

Irungo taldea uztea “erabaki zaila” izan dela aitortu du Odriozolak, eta Bidasoan emandako zazpi denbotaldiak “oso onak eta oso politak” izan direla azpimarratu du. “18 urterekin etorri nintzen Pulpotik, ume bat nintzen. Sekulako giroarekin lortu genuen Artalekuko igoera, eta kluba eta ni eskutik helduta hazi gara urte hauetan guztietan”.

Hunkituta agertu da Kauldi taldea utziko duela iragartzeko emandako prentsaurrekoan. Eskerrak eman dizkie “jendeari eta zaleei, zuzendaritzari, senideei eta gertuko jendeari. Pena ematen dit, baina urrats garrantzitsua da nire karreran”. Ia denboraldi osoa aurretik dela, hegal zumaiarrak “elkarrekin geratzen denaz gozatzera eta ezarri ditugun helburuak lortzen saiatzera” deitu du.

Pulpo Eskubaloia klubeko harrobian hasi eta hezitako jokalaria, 2015ko ekainean iritsi zen Irunera, Bidasoa taldean jokatzera. ASOBAL Ligako hasiberri onenaren saria (2017) eta eskuin alboko onenaren saria birritan (2018, 2019) irabazi ditu Odriozolak. Berez, kontratua 2023. urtera arte zuen zumaiarrak.

Atzerriko talde batek bere kontratuko klasula ordaindu ondoren joango da Odriozola Irundik. Bidasoako presidente Gurutz Aginagaldek azaldu duenez, “operazio azkarra izan da, eta zuzendaritza-batzorde gisa oso argi geneukan zer den Kauldi, eta klubarentzat zer garrantzi eta balio duen. Beraz, gure ustez, aukera bakarra klausula osorik ordaintzea zen”.