Sexu erasoak salatzeko bihar egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du udalak

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 4a, 14:00

Zumaiako Udalak erabat gaitzesi ditu pasa den asteburuan izandako bi sexu erasoak, eta horiek salatzeko Mugimendu Feministak deituta bihar egingo den manifestazioarekin bat egin du.

Zumaian joan den asteburuan gertatutako bi sexu erasoei erabateko gaitzespena adierazi du Zumaiako Udalak, eta “babes eta elkartasun osoa” adierazi die erasotuei eta bere ingurukoei. Plazaratu duen adierazpenean jasotzen denez, dituen informazio eta baliabide guztiak jarri ditu erasotuak izan diren emakumeen eskura. 

Adierazpen honen bidez, udalak argi uzte du ez duela emakumeen aurkako inolako erasorik onartzen. “Indarkeria sexistak erasotzaile eta erasotu banakakoak ditu, noski, baina ez dira kasualitate hutsa, ez dira kasu isolatuak; emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira, indarkeria sexista estrukturala da”.

Instituzioen ardura herritarren “giza eskubideak bermatzea” dela azpimarratu ondoren, Zumaiako Udalak “lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurkako borrokan”. Udalak herritar guztien inplikazioa eskatzen duela ere jasotzen du adierazpenak. “Izan ere, gutako bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria izan daiteke eraso bat saihesteko”.

Mugimendu Feministak egindako manifestazio deialdiarekin bat egin du udalak, eta dei egiten die herritar guztiei ekitaldi horretan parte hartzera. Manifestazioa bihar, ostirala, hilaren 5ean izango da, 18:30ean Beheko plazatik hasita.