Joan den astean izandako sexu erasoak gaitzetsi dituzte aldundiak eta Zumaiako PSE-EEk

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 5a, 16:00

Joan den asteburuan Zumaian izandako sexu erasoak gaitzetsi dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eta PSE-EEk Zumaiako Udalean duen bozeramaileak. Erasoak salatzeko manifestazioa egingo da gaur arratsaldean Zumaian.

Joan den asteburuan bi emakumek Zumaian jasandako sexu erasoeran aurrean “gaitzespen irmoa” adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horrez gain, bere elkartasuna eta babes osoa adierazi die biktimei, nahiz haien gertuko lagun eta senitartekoei. 

Foru Aldundiak bat egin du Zumaiako Udalak erasoa gaitzesteko argitaratu duen adierazpenarekin. “Halako gertaeren oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun falta dago, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Emakumeen duintasuna, integritate fisikoa eta sexu askatasuna eskubide urraezinak dira eta eskubide horien aurka doazen jarrerak herritar guztien aurkako erasoa dira, ez dute kabidarik gure lurraldean”, azaldu du aldundiak.

Aldundiak ohar batez bidez gaineratu duenez, “azken hilabete hauetan aisialdirako eta harreman sozialetarako aukerak berreskuratzen ari gara. Foru Aldundiak berretsi egiten du testuinguru honetan bereziki garrantzitsua dela indarkeria matxistaren aurkako mezua indartzea eta zabaltzea. Eraso sexistarik gabeko kale, auzo eta herriak nahi ditugu, emakumeek askatasunez gozatzeko aukera izan dezaten aisialdiaz eta harreman sozialez. Horregatik, Aldundiak dei egin die herritarrei emakumeen aurkako bortizkeriaren aurrean adi eta konprometituta jarraitzeko”.

PSE-EEren gaitzespena

Zumaiako PSE-EE taldeko bozeramaile Arritxu Marañonek ere sexuerasoak gaitzetsi ditu gaur goizean. Gainera, bere poza agertu du jarduera polizial azkarragatik, “ustezko erasotzailea atxilotu baitu poliziak, eta, epailearen esku dagoelako orain”.

“Esan gabe doa emakumeenganako erasoak gertakari oso larriak direla, Zumaiaren gaitzespen publikoa eta aho batekoa merezi dutenak”, esan du Marañoek, zeinak biktimei eta haien senide eta lagunei ere elkartasuna adierazi dien.

Marañonek berdintasuneko hezkuntza sustatzea giltzarritzat jo du. Are gehiago, “gizonek emakumeak errespetatu behar dituzte, eta ez da onartu behar batzuek emakumeak erasotzeko eskubidea dutela sinestea jaiaren aitzakiarekin, aisialdi-guneetan”.

Azkenik, desio bat agertu du Marañonek: “beste erasorik ez deitoratzea”. “Gure esku dago, gizarte gisa, ulertzea gizonak eta emakumeak berdinak garela eskubideetan, eta emakumeek kaleetan segurtasunez eta gizonek jasotzen duten errespetu berarekin gozatu ahal izan behar dutela”, azpimarratu du.

Mugimendu Feministak deituta, eraso hauek salatzeko manifestazioa egingo da Zumaian. 18:30ean abiatuko da Eusebio Gurrutxaga plazatik.