Joan den asteburuan izandako sexu erasoak gaitetsi ditu Zumaiako herriak

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 5a, 20:52

Joan den asteburuan Zumaian izandako sexu erasoak salatzeko manifestazioa egin da gaur arratsaldean herriko kaleetan zehar. Amaieran idatzi bat irakurri da azken asteotan gertatutako eraso sexistak salatzeko. 

Bi emakume erasotu zituzten pasa den asteburuan Zumaian. Hori salatzeko manifestazioa egin da arratsaldean, Mugimendu Feministak deituta. Herritar ugari hartu du parte Beheko Plazatik abiatu eta Amaiako plazari buelta eman ondoren, Saregileen Plazan amaitu den mobilizazioan. 

Manifestazioaren amaieran, irakurketa egin dute Mugimendu Feministako kideek. Idatziak jaso dutenez, lau emakume erasotu dituzte azken hiru asteotan herrian. "Lau emakume 21 eguneko tartean. Pandemiaren egoera hobetzeak parrandetara itzularazi gaitu, baina ez guk nahi bezala: begirada lizunak jasan ditugu, ipurdiak ikutu dizkigute, jarrera oldarkorrez erantzun diguzue zerbait esan dizuegun bakoitzean, eta deseroso sentitu gara zenbait girotan. Nahikoa da!". 

Manifestazioaren amaieran irakurritako idatzian jasotzen da emakumeek aske sentitu nahi dutele, "eta hala adierazteko bidea emango diguten eremuak sortu eta partekatu nahi ditugu. Duela hiru aste ere planto egin genien eraso sexistei, eta hala egin dugu gaur ere. Gure gorputzak gureak dira, tabernaren erdian, komunera goazenean, etxerako bidean eta ohean. Amaitu da zuen garaia eta ez dugu beste eraso bakar bat ere onartuko. Norbait gutako bakar bat ukitzera ausartzen bada, guztiok erantzungo dugu".

Haserrea, nazka eta beldurra bezalako hitzak erabiltzen dituzte, "indarkeria matxista oso gertu sentitzen baitugu, eta herriak tinko erantzun arren, erasoek etenik ez dutela ikusten baitugu. Bakoitzak bere tokitik eta bere jarreretatik indarkeria matxistaren aurkako jarrera irmoa har dezan eskatu nahi dugu beste behin. Erasotzailearen laguna bzara, ez izan konplize eta hartu kargu; gizonok, erasoak kanpoan ikusteaz gain, errepasatu eta aztertu zuen jarrerak, eta eraso sexisten aurrean, beldurrarekin bada ere, jokatu dezagun irmo eta zaindu dezagun elkar. Konpromisoa eta erantzunkizuna guztiona da".