'Karst jaialdia: harria eta herria' antolatu du Geoparkeak datorren larunbaterako

IƱigo Gaiton 2021ko urr. 30a, 12:29

Debako Zumardian egingo du jaialdia Euskal Kostaldeko Geoparkeak, gaur zortzi. Hitzaldiak, harri-jasotze eta harri-zulatzaile erakustaldiak, merkatu txikia eta bi irteera antolatu dituzte programaren barruan, besteak beste.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak 'Karst jaialdia: harria eta herria' jaialdia antolatu du datorren larunbaterako. Debako Zumardian egingo da egun osoko programa (eguraldi txarra bada, karparen barruan). 11:30ean emango diote hasiera jaialdiari.

Antolakuntzak azaldu duenez, "programa zabala" ondu dute egun guztirako. Goizean zehar, Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat geologok eta Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek hitzaldi laburrak emango dituzte; uraren, klimaren eta lurraren inguruan arituko dira, besteak beste. Horrez gain, harrien inguruko gogoeta egingo du Iñaki Perurena harri-jasotzaileak, bere ibilbideko bitxikeria eta hausnarketei buruzko bakarrizketan.

Harriarekin jarraituz, Karmele Gisasola Zelai III.ak erakustaldia egingo du, eta, bestetik, Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubeko harri-zulatzaileek kareharrizko blokeak zulatuko dituzte, kolpeka eta metalezko laztabin bati bira emanez. 

Merkatu Txikia ere jarriko dute Zumardian 9etatik aurrera. Bertako produktuak erosteko aukera izango dute hurreratzen direnek.

Bi irteera arratsaldean
Arratsalderako, doako bi irteera gidatu antolatu dituzte. Alde batetik, Lasturko harrobira bisita egingo da Hector Fano geologoarekin. Taldea 15:00etan irtengo da Zumarditik, eta itzulera 17:30ean dago aurreikusita. Parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da, hemen  klik eginda.

Bestalde, Felix Ugarte espeleologia elkartearen eskutik Aixa kobazulora espeleologia irteera bat antolatu da. Adituen laguntzarekin kobazulo karstiko horrek gordetzen dituen pasabide eta ezaugarri bereziak ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.16:00etan abiatuko da autobusa Zumarditik, eta 18:30ean itzuliko da. Irteera horretan parte hartu nahi dutenek ere izena eman beharko dute formulario honetan. Kaskoa eta kopetako argia banatuko zaizkie parte-hartzaileei.

Hemen klik eginda ikus daiteke eguneko programa osoa.