Herriko taldeei dei egin die udalak Gabonetako ekitaldietan laguntzeko

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 29a, 11:15

Pandemiak behartutako iazko hutsartearen ondoren, aurten bueltan izango dira Gabonetako ekitaldi jendetsuak: erregeen kabalgata, jaiotza edo karta-jasotzea, esaterako. Horiek antolatzen laguntzeko herriko taldeei dei egin die udalak.

Udaleko Kultura Sailak jakitera eman duenez, herriko talde eta norbanako ugarik hartu izan dute parte ekitaldi hauen antolakuntzan, baina ekitaldi jendetsu hauen antolaketan laguntza eskainiko duen talde baten beharra ere badu. Lan guztiak Kultur eta Turismo sailetako ordezkariekin batera zehaztu eta burutuko dira.

Ekitaldi hauetarako beharko da laguntza:

  • Abenduaren 24an: arratsaldean Jaiotzan
  • Urtarrilaren 4an: Erregeen pajeekin batera haurren kartak jasotzean
  • Urtarrilaren 5an: Jaiotza Eusebio Gurrutxaga plazan, eta Kabalgataren prestaketa eta ibilbide osoan laguntza.

Izena eman nahi dutenek azaroaren 12ra bitartean izango dute aukera, Alondegia kultur etxean, 943-86 10 56 telefonoan edo kultura@zumaia.eus helbidean.

Izena emango duten taldeen arabera, bilera bat egingo da beharrezko azalapenak emateko. Taldeen arteko zozketa bilera horretan egingo dela azaldu du Udaleko Kultura Sailak.

Nor aurkez daiteke?

Zumaiako herriaren edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak.

Elkarte hauek Udalak herriko taldeen artean dirulaguntzak emateko onartutako oinarri berak bete beharko dituzte (Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide